Gizartea -
Jaiotzak
Haurren jaiotza-tasak % 2,8 egin zuen behera 2015ean
Udazkenean haurra izan zuen bost emakumetik bat atzerritarra zen.
agentziak | erredakzioa
EAEn 18.751 haur jaio ziren iaz, 2014an baino 543 gutxiago (- %2,8). Hiru lurraldeetan jaitsi zen jaiotza kopurua, baina beherakada Bizkaian izan zen nabarmenagoa, 415 jaiotza gutxiago izan baitziren bertan (- % 4,3), eta Araban eta Gipuzkoan % 3,6koa eta % 0,2koa izan zen beherakada, hurrenez hurren.
Eustatek jakitera eman duenez, 2015eko azken hiruhilekoan 4.615 haur jaio ziren, aurreko urteko epe berean baino % 0,4 gutxiago.
Gainera, udazkenean ama izan ziren emakumeen % 20,7a atzerritarrak ziren.
Hiru lurraldeetatik, bitan behera egin dute jaiotzak urte arteko datua aintzat hartuta: Gipuzkoan izan da beherakada handiena, % 2,7koa, eta Araban % 0,3koa. Beste aldean Bizkaia egongo litzateke, % 1eko gorakadarekin, beti ere 2014ko hiruhileko berarekin alderatuta.
Adinaren arabera banatuta, 30-34 urte arteko emakumeak dira ama izan direnen gehiengoa, % 37,8 hain zuzen ere. Talde horren atzetik, oso gertu, 35-39 adin tartea geratzen da, jaiotzen % 34,9arekin. 25 eta 29 urte artean dituztenak erditu dira haurren % 12,5az, eta 40 urtetik gorako emakume gehiago (% 8,9) izan dira ama 25 urtetik beherakoak baino (% 5,9).