Gizartea -

Ezbeharra

Pasaitar bat hil da Huescan, harri batek buruan jota

Hildakoak 44 urte zituen eta nahiz eta kaskoa zeraman, kolpearen indarraren eraginez zendu da.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

44 urteko pasaitar gizonezko bat hil da gaur buruan harri batek jota, beste bost lagunekin batera Mallos de Riglosen (Huesca) via ferrata bat egin eta bueltako bidea egiten ari zela.

Huescako Guardia Zibilak jakitera eman duenez, 14:15 aldera abisua bat jaso dute. Abisu horrek zioen Mirador de los Buitres izeneko via ferrata ibilbidea egiten ari zen sei pertsonez osatutako talde bateko kide batek harri batzuen kolpea jaso duela.

Ezbeharraren lekura Guardia Zibilaren Mendi Unitateko helikopteroa bertaratu da; hala ere, haizeak ez dio utzi gune zehatzera hurbiltzen. Horren aurrean, larrialdi zerbitzuko kideek Ayerbeko Guardia Zibilaren postuko ibilgailu bat erabili dute ahalik eta gehien urreratzeko, azken zatia oinez egin behar izan duten arren.

Gertakaria izan den lekura heldu direnean, sendagileak gizonezkoaren heriotza ziurtatu besterik ezin izan du egin. Zendutako gizonak ibilaldi mota horiek egiteko behar den ekipamendua zeraman, eta taldeko azkena zihoan bide estu batetik euren ibilgailuetarako bidean. Halako batean, bere kideek zarata bat entzun dute hormaren alboan, itxura denez harri baten erorketagatik, eta bidera nola erortzen zen ikusi dute.

Nahiz eta kaskoa zeraman, jasotako kolpearen indarraren poderioz hil egin da, iturrien arabera.

Huescako mendi taldeak ohatila batean oinez eraman du hildakoaren gorputza ibilgailuetara heldu arte, eta handik Jacako gorputegira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Pasaia albisteak Gaurko azken ordukoa