Gizartea -
Nafarroa
Bi urteko haur bat hil da Berriogoitin, trenak harrapatuta
Adingabea finka batean zegoen familiakoekin batera, eta hesiaren zulo batetik trenbidera igaro da Bartzelona eta Irun arteko ibilbidea egiten duen bidaiarien Intercity trena igarotzen ari zen unean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Haur bat hil da trenak harrapatuta Iruñea eta Zuasti artean, Berriogoiti udalerriaren ondoan, Nafarroako Foru Gobernuak berri eman duenez.
Ezbeharra 14:10ean gertatu da Agustinos industrialdearen inguruko baratza eremu batean. Foru Gobernuko iturrien arabera, neskatoa tokian bertan hil da istripuak eragindako zaurien eraginez.
Adingabea finka batean zegoen familiakoekin batera, eta hesiaren zulo batetik trenbidera igaro da Bartzelona eta Irun arteko ibilbidea egiten duen bidaiarien Intercity trena igarotzen ari zen unean. Horren harira, Adifeko iturriek berri eman dutenez, ezbeharra baimendu gabeko pasabide batean gertatu da.
Ezbeharraren ondorioz, trena ordubetez geldirik egon da. Horrez gain, Asturiasetik Bartzelonara zihoan eta istripuaren tokitik pasatu behar zuen trenak ordubeteko atzerapena izan du. Arazoak konponduta, zirkulazioa berrezarri dutela baieztatu dute Adifeko iturriek.
Foruzaingoak hartu du bere gain ikerketaren ardura.