Gizartea -

Ikerketa

Euskadiko gazteak, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren alde

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren aldekoak, bai eta sexu aldaketaren aldekoak ere, agertzen dira Euskadiko gazte gehienak,  Euskadiko gazteak 2016 ikerketaren datuen arabera.

Gazteak, eitb.eus-eko artxiboko argazki batean.
''Guk ere'' Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazi duen kanpaina berria

1:44

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazte gehienak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren aldekoak azaldu dira (% 91), bai eta sexu aldaketaren aldekoak ere (% 86).

Bi iritzi horiek hedatuago daude orain 2008an edota 2012an baino. Ondoriozta daiteke, beraz, Euskadiko gazteak gero eta toleranteagoak direla.

Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak 'Euskadiko gazteak 2016' ikerketatik aurreratutako datuetatik atera daitekeen ondorioetako bat da.

Emakume gazteak gizon gazteak baino neurri handiagoan agertu dira iritzi hauen aldekoak, bai sexu bereko pertsonen arteko ezkontzari buruzko iritziari dagokionean (emakumeen % 92 alde daude eta gizonen kasuan % 89), bai eta sexu aldaketari buruzko iritziari dagokionean ere (emakumeen % 88 eta gizonen % 85 alde azaldu dira).

25 urtetik beherakoak 25 eta 29 urte bitartekoak baino tolerantexeagoak azaltzen dira.

Gazteen % 92 ez daude ados "funtsean homosexualitatea gaixotasun bat da eta horrela tratatu behar da" dioen esaldiarekin; bakarrik % 3 azaldu dira ados esaldi horrekin. Adostasuna jaitsi egin da azken lau urteotan, 2012an % 6koa baitzen.

Izan ere, Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna maiatzaren 17an ospatzen da 1990 urteko egun horretan Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasunen sailkapenen eskuliburutik kendu zuelako homosexualitatea.

Ikerketa hau lau urtean behin burutzen du behatokiak gazteen lagin adierazgarri bati egindako inkesta baten bidez. Lagina 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gaztek osatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak