Gizartea -
Urteurrena
M15ek borroka globalerako deia egin du Bizkaian bosgarren urteurrenean
Gasteizen eta Donostian elkarretaratzeak daude deituta, 19:00etarako, suminduen mugimenduaren bosgarren urteurrenean. Madrilen manifestazio handia egingo dute.
Agentziak | Erredakzioa
M15 mugimenduak borroka globalerako deia eginez ospatu du Bizkaian bosgarren urteurrena, igande honetan. Elkarretaratzea izan da Bilboko Arriaga plazan, eta Gasteizen eta Donostian arratsaldean egingo dituzte, Andre Maria Zuriaren plazan eta Boulevardeko kioskoaren ondoan, hurrenez hurren. Madrilen, manifestazio handi bat egingo dute Cibeles plazatik Puerta del Solera.
Bilbok bat egin du igande honetan M15en bosgarren urteurreneko ekitaldiekin; Bizkaiko M15ek elkarretaratzea egin du 'Nuit Debout' mugimenduari elkartasuna agertzeko. Aipatu mugimenduak Frantzian sortu zen berriki, eta Pariseko Errepublika plaza okupatu zuen.
Berrogeita hamar bat lagun, Javier Madrazo Etxebizitza sailburu ohia tartean, izan dira bertan, 12:00etan, Arriaga Antzokiaren plazan; pankarta bat erakutsi dute, non Frantziako suminduekiko nazioarteko elkartasuna eskatzen zuten.
Mobilizazioan (ez da politikaririk izan han), honakoa aldarrikatu dute parte-hartzaileek: "Ez iezaguzu begiratu, egin bat", "ez da krisia, lapurreta da", edo "mugarik gabeko borroka da bide bakarra". Halaber, parte-hartzaileek nabarmendu dute liderrik ez dutela eta Pedro Sanchez ez dutela euren ordezkaritzat jotzen.
Cibeles eta Solen arteko manifestazioa
Suminduen mugimenduak manifestazio handia prestatu du gaurko, Cibelesetik Solera, urteurrena dela eta; halaber, beste jarduera batzuk ere ari dira egiten egunotan, data hori dela-eta.
"Bost urte eman ditugu borrokan, ekintza zuzenarekin eta elkartasuna agertuz; elkarri emandako sareak sortu ditugu, ezagutza gizarteratu dugu, pentsaera kritikoa garatu dugu eta aukerak abiatu ditugu. Beste mundu bat posiblea da", diote, agiri batean, sustatzaileek.
Arratsaldean, M15eko Solfonicak joko du, manifestazioa egin aurretik. Hori 18:00etan irtengo da Cibelesetik, eta 19:00etan amaitu Solen. Konexioa izango da, nazio- eta nazioarte-mailean deituta dauden mobilizazioen harira. Azkenik, astelehenean, 19:00etan, aitona-amona suminduek egingo dute elkarretaratzea.
"Beste behin ere, gure urteurrena ez da ospakizuna, baizik eta ekintzak agerian egitea, xede izanik kalea eta Puerta del Sol bilakatzea espazio sozial eta politiko, non sumindura artez, sormenaz , protestaz eta lan eginez adierazten diren", zehaztu dute web orrietan M15eko kideek.
Bosgarren urteurrena
M15eko mugimenduak, alegia, suminduen mugimenduak, bost urte betetzen ditu igande honetan, eta, ondorioz, mundu osoko ehunka hiritan protesta-ekintzak ari dira egiten. Hain zuzen, 500 bat hiritan daude deituta elkarretaratzeak eta martxak. Mundu-mailako protesta-eguna izango da; ?¡Democracia real YA!? plataformaren arabera, beharrezkoa da abiatzea "koordinatutako borrokako etapa bat, eredu-aldaketa globala izan behar baitu".
28 herrialdetako gutxienez 130 hirik egin dute bat mugimendua nazioarteko bihurtu nahi duen ekimenarekin. Duela bost urte sortu zen mugimendua; krisialdi ekonomikoaren testuinguruan, 2011ko maiatzaren 15ean hainbat protesta baketsu hasi ziren. Demokrazia partizipatiboagoa eta politika-sistema hobetzeko neurriak eskatzen zituzten aipatu protestek.
Jendea deitu eta batzeko gaitasun handia
Mugimendua sare sozialetan eta Interneten sortu zen, eta jendea deitu eta batzeko gaitasun handia zuela erakutsi zuen. Estatuko hiri askotan eta Estatutik kanpoko batzuetan ere, herri-asanbladak eta protesta-ekintzak egin zituzten, irekiak, parte hartu nahi zuten guztiei zuzenduta.
Madrileko Puerta del Soleko irudia, protestaren ikurra, mundu osoan ikusi ahal izan zuten. Mugimenduaren ondorioz, hainbat plataforma eta talde sortu ziren; protestak jarraitzen diraute beroriek.
Bost urteren buruan, suminduek defendatzen dute ez dutelako zerikusirik alderdi politikoekin; halaber, diote ezinezkoa dela alderdi berriek, Podemosek kasu, euren izpirituaz jabetzea.
"M15eko ordezkaria izatea ezinezkoa da", aseguratu du Jon Aguirre Suchek, zeina ?¡Democracia Real YA!? plataformako bozeramaileetako bat bilakatu zen 2011ko maiatzean. Aguirreren esanetan, plataforma horrek sustatutako manifestazioek eragin zuzena izan zuten gerora sortuko zen mugimenduaren hasieran.