Gizartea -
ETXEGABETZEAK
Gasteizen egitekoa zen etxegabetzea bi hilabetez atzeratu dute
Emakume bat eta haren hiru seme-alabak arratsaldean kaleratu behar zituzten. Azken orduko akordio bati esker, bertan behera geratu da, oraingoz, etxegabetzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxegabetze bat bertan behera geratu da gaur Gasteizen. Arratsaldeko lehen orduan, emakume bat eta haren hiru seme-alabak etxetik kaleratzekoak ziren, baina, azken orduko akordio bati esker, bi hilabetez atzeratu dute etxegabetzea.
Arabako STOP Etxegabetzeak elkarteak jakitera eman duenez, epaitegiko ordezkaria, jada, etxegabetzea agintzera zihoanean, Gasteizko apartamentu batean, akordioa erdietsi dute aldeek.
Bi urtez bizi da gaur kaleratzekoa zen familia etxebizitza horretan, higiezinen agentzia bati alokatuta. Iaz, urte amaiera aldera, alokairuaren zenbait kuota ezin izan zituzten ordaindu, eta 1.100 euroko zorra pilatu zuten agentziarekin. Etxejabeak kaleratzeko eskaria aurkeztu zuen Gasteizko epaitegian.
2016ko martxorako zor guztia ordainduta zuten arren, agentziak ez zuen atzera bota kaleratze eskaria, besteak beste, "ordainketekin arazorik ez duten bezeroak nahi dituela" argudiatuta, STOP Etxegabetzeak elkartearen arabera.
Talde horrek salatu duenez, gaur etxegabetze bat bertan behera geratu den arren, egunero kaleratzen dira herritarrak euren etxeetatik.