Gizartea -
Errauts hodeia
Airelineen galerak 1.300 milioi eurokoak izan dira
Europa ohiko martxa berreskuratzen hasi da jada.
Erredakzioa
Europako aireportuak ohiko martxa berreskuratzen hasi dira jada, ia astebetez Islandiako sumendi baten erupzioak kaosa eragin eta gero.
Islandiako erupzioak sortutako errauts hodeiak hegazkinei eragiten jarraitzen baldin badie Europako sektore turistikoak astero 7.500 milioi euro gal ditzake, Erste Bank Austriako banketxeak egindako kalkuluen arabera.
Une honetan herrialde guztiek daukate aire eremua zabalik, baina Alemanian, Finlandian, Erresuma Batuan, Danimarkan, Suedian eta Frantzian muga batzuk daude.
Abiazio Zibilaren Nazioarteko Erakundeak (ICAO) ziurtatu du jada segurua dela hegan egitea. Asteazken goizaldean, gainera, sei egunetan lehen aldiz, hegazkin bat lurreratu da Erresuma Batuan, aire eremu britainiarrean ere egoera hobetu den seinale. Heathroweko aireportuan (Londres) gertatu da.
Hori baino lehen, Erresuma Batuak Celebrity Eclipse ferrya bidali zuen Bilbora, etxera hegazkinez ezin itzuli geratu ziren 2.000 britainiar hartzeko.
Halaber, Pride of Bilbao ferrya asteazken goizean iritsi da Santurtzira, lepo, eta arratsaldean berriz itsasoratu da. Bidaiari faltagatik itxiko dute, baina halere txartel guztiak salduta ditu maiatzaren 2a arte.
Euskal aireportuen egoera
Bilboko aireportuak normaldu ditu Europako iparrerako hegaldiak.&' || 'nbsp;Asteartean Alemaniako aireportu batzuetarako, Belgikarako eta Pariserako hegaldiak abiatu zituen arazo barik, eta asteazken goizean azken egunetako lehen hegazkina iritsi zen Londrestik.
Dena dela, oraindik arazo batzuk jazo dira, Frankfurterako eta Municherako zortzi hegaldi bertan behera geratu baitira.
Halaber, Bruselarako lehen hegaldia lau ordu berandu abiatu da, Belgikako aireportua gainez baitago oraindik.
Estatu barruko hegaldiak asteazkenean ere normal abiatu dira, asteartean bezala.
Forondan (Gasteiz), Hondarribian (Gipuzkoa) eta Noainen (Iruña) ez dago arazorik.
Espainiako aireportuetan 640 hegaldi bertan behera geratu dira, guztira 5.231 zeuden aurrikusita. Bertan behera geratu direnetatik 576 hegazkin aire eremuan mugak dituen zonara zihoazen, Espainiako Aireportuak eta Airezko Nabigazioak (AENA) jakitera eman duenez.
&' || 'nbsp;Airelineek 1.300 milioi euro galdu dituzte
Krisia baretzen hasi den honetan, konpainiak galerak zenbatzen hasi dira.
Oraingoz, lehen balantzea IATA erakundeak egin du. Bere esanetan, airelineek 1.700 milioi dolar (1.300 milioi euro) galdu dituzte sumendiaren krisiaren ondorioz.
"Eta txarrena zera da, krisiak abiazio zibilaren % 29an eta 1,2 milioi bidaiaritan izan duela eragina", esan du Giovanni Bisignani IATAko zuzendari nagusiak.
Erakundeak gogorarazi du krisi hau irailaren 11koa baino larriagoa izan dela, eta aire eremua itxi izana erabaki txarra izan dela esan die Europako Gobernuei.
Baliteke asteburuan desegitea hodeia
Bestalde, baliteke azken astean kaosa eragin duen errauts hodeia "asteburu partean" desegitea, Meteorologiaren Mundu Erakundeak uste duenez.
"Meteorologiaren ikuspuntutik, aurreikuspenak oso positiboak dira astearen bigarren zatiarentzat, asteburu partearentzat alegia", azaldu du Herbert Puempel adituak.
Metereologoak gaineratu du hodeia Kanadarako eta AEBetarako bidean dagoela, baina gero eta baxuago dagoenez, balitekeela ez izatea oztopo ozeanoa zeharkatzen duten hegaldientzat.
Iragan astean aire eremua itxi zutenean Europako agintariek erabaki egokia hartu zutela esan du Henri Gaudru NBEko zientzialari aholkulariak. Horrela, hegazkinek errauts hodeia zeharkatzean hondamendiak gertatzea ekidin dute, Gaudruren ahotan.
Zer eskatu dezakete bidaiariek?
Erabiltzaile eta Kontsumitzaileen Erakundearen (OCU) arabera, bidaiariek biletearen balioa edo beste hegaldiren batean bidaiatzea eska dezakete, baina ez daukate kalteordainak eskatzeko eskubidea.
Kaosa sumendi batek eragin duenez, enpresak ez du erantzukizunik, eta beraz, erabiltzaileek ezin dute kalte-ordanik eskatu.
Halaber, Irache elkarteak gaineratu du konpainiek bidaiariak artatu beharra daukatela, hau da, janariak, edariak eta ostatu eman behar dietela.&' || 'nbsp;