Gizartea -

Udaltzainei eraso egin zien

Emakume bat atxilotu dute Gasteizen, mozkor gidatzea egotzita

Emakumeak "ausarkeriaz gidatzen zuen" eta alkohol-proba egiteari uko egin zion. Gainera, eraso egin zien atxilotu behar zuten udaltzainei.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udaltzaingoak 47 urteko emakume bat atxilotu du Gasteizen, "ausarkeriaz gidatu" eta mozkor egoteagatik. Halaber, alkohol-proba egiteari uko egin zion eta bi udaltzaini eraso egitea egotzi diote.

Gasteizko Udaltzaingoak gaur jakinarazi duenez, gertakaria ostiral arratsaldean gertatu zen. Herritar batek Udaltzaingoari deitu zion, Herrandarren kalean ibilgailu bat maniobra arraroak egiten ari zela esateko. Patruila bat bertaratuta, agenteek ibilgailua gelditzeko eskatu zioten emakumeari, Jose Mardones eta Olagibel kaleen artean.

Hasiera batean gelditu egingo zela pentsatu arren, gidariak azeleratu egin zuen, eta inguruetan zeuden oinezkoek aurretik kendu behar izan zuten arrapaladan, harrapatu ez zitzan.

Udaltzainek, azkenean, Judimendi hiribidearen eta San Migel kalearen artean atxilotu zuten emakumea; izan ere, ez zuen gelditzeko asmorik.

Emakumea mozkor zegoela iritzita, ibilgailutik jaisteko eskatu zioten agenteek, baina ez zien kasurik egin.

Askotan eskatu eta gero, emakumea ibilgailutik jaitsi eta bertatik alde egiten saiatu zen. Hori dela eta, udaltzain batek atxiki egin zuen, eta emakumeak eraso egin zion orduan. Horren aurrean, atxilotu egin zuten.

Udaltzaingoak jakinarazi duenez, emakumeak beste udaltzain bati ere eraso zion ondoren.

Halaber, emakumeak alkohol-proba egiteari uko egin zion polizia-etxean, baina proba partzial batean botatako aire litroko 1,13 miligramoko alkohol-maila eman zuen; hau da, gehienez ere baimendutako alkohol-tasaren ia boskoitza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteiz