Gizartea -

Laudiotik Huelvara

Sinadura bilketa, Rociora bi mandorekin doazen laudioarren aurka

62 eta 70 urte arteko lau lagun abiatu ziren apirilaren 2an bi mandok bultzatutako gurdi batean, 45 eguneko bidaia bat egiteko asmoz.

Laudiotik Huelvara doazen lagunak eta mandoak. Argazkia: EiTB
Laudiotik Huelvara doazen lagunak eta mandoak.
Laudiotik Huelvara doazen lagunak eta mandoak. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia 37.000 herritarrek sinatu dute Change.org-n Laudiotik (Araba) Rociora (Huelva) gurdi baten gainean joateko lau lagunek abiatu duten bidaiaren kontra; izan ere, gurdia bi mandok bultzatuko dute, eta animaliei tratu txarrak egitea galarazi nahi dituzte.

62 eta 70 urte arteko lau lagun abiatu ziren apirilaren 2an Arabatik Andaluziara bidean bi mandok bultzatutako gurdi batean, 45 eguneko bidaia baten ondoren Rociora iristeko asmoz.

Bidaia 30 kilometro inguruko etapetan egingo dute, tartean atsedenaldi batzuk eginda. Lau lagunek mandoak erosi zituzten, eta azaroan hasi ziren entrenamenduak egiten.

Bidaia hori ez du begi onez jo Animalien Errespeturako Ekintzak, eta duela sei egun kanpaina bat jarri zuen abian, Change.org plataforman, ekimenaren aurka, eta dagoeneko 37.000 lagunen sinadurak jaso dituzte.

50.000 sinadurara iristen direnean, Arabako Aldundiari, Espainiako Nekazaritza Ministerioari eta Andaluziako Nekazaritza Kontseilaritzari helaraziko dizkiete.

Aipatu elkarteak salatu du "dibertimendua" amaitzen denean, mandoak saldu egingo dituztela, "esplotatu" ostean.

Efe albiste agentziarekin hitz egin dute Burgosera iristear diren bidaiariek, eta horietako batek, Joserrak, esan du ez duela iritzirik eman nahi mandoen tratu txarren inguruan.

"Seiko" koadrila bat osatzen dutela azaldu du, lau pertsonak eta bi mandoak zenbatuta, eta gogorarazi du Arabako Aldundiko albaitariak berak eman ziola oniritzia bidaiari.

Animalien Errespeturako Ekintza elkarteak, bestalde, jakinarazi du 2007 eta 2014 artean 107 mando hil zirela Rocioko erromerietan, "egiten dituzten esfortzu handien", ur faltaren eta tenperatura altuen ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Laudioko argazkiak Albisteak Aiarako kuadrilla