Gizartea -

Udalaren egitasmoa

Andre Maria Erregina auzoko txabolak garbitu nahi ditu Iruñeak

Tenis Klubaren atzean dagoen lursailean egitasmo bat aurrera eramango du Udalak, osasunerako eta ingurumenerako arriskuak murrizteko helburuarekin.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andre Maria Erregina auzoan, Tenis Klubaren atzean dagoen lursailean, egitasmo bat aurrera eramango du Iruñeko Udalak, osasunerako eta ingurumenerako arriskuak murrizteko helburuarekin, baina txaboletako bizilagunak kanporatzeko “batere” asmorik gabe.

Garbiketa lanak goizean hasi dira. Aldi berean, txaboletako bizilagunak gizarteratzeko prozesuarekin jarraituko du Udalak. Bederatzi pertsona bizi dira bertan, lau familiako kideak dira, guztiak errumaniarrak eta senideak.

Edurne Eguino Gizarte Ekintza eta Garapenerako zinegotziak, Armando Cuenca Ekologia eta Mugikortasun zinegotziak eta Aritz Romeo Segurtasun eta Elkarbizitza zinegotziak Udalaren plana aurkeztu dute prentsaurrekoan.

Arazoaren muinari aurre egiteko apustua egin du Edurne Eguinok. Hala ere, “pazientzia” eskatu die herritarrei, Udalak “presio barik” lan egiteko. Arazoa konpontzeko “prozesua luzea” izango dela ohartarazi du zinegotziak.

Hondakinak

Txabolak bertan eraiki baino lehen zeuden hondakinak kenduko dituzte, eta zaborra eta txatarra ere eramango dute.

Iruñeko Tenis Kluba lursailaren % 90ren jabea da, eta gainerako % 10a Udalarena da. Hala, garbiketa lanak Tenis Klubak ordainduko ditu eta Udalak aholkularitza teknikoa eskainiko du, besteak beste, zaborra eta sasitza kentzeko lanetan eta hondakinen kudeaketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Gaurko albisteak Nafarroan