Gizartea -
Mungia
Andinaren ustezko hiltzaileak ukatu egin du hilketa egin izana
Ziurtatu egin du agenteek "behartu" zutela: "Esan zidaten ni izan nintzela egitea", eta esan du berak ez zuela hil, ez zuela eztabaidarik izan eta "inoiz ez" zuela mehatxatu.
agentziak | erredakzioa
Joseba Andoni Agirrek ziurtatu du agenteek "behartu" egin zutela, atxilotu ostean polizia-etxera zeramatenean. Andina Pereida bikotekide ohia hiltzea leporatuta epaitzen ari dira Agirre eta, orduan atxilotu zuten agenteen arabera, "ni izan naiz, ni izan naiz, maite dut eta bizitza okertu dit" esan zuen Mungiako polizia-etxera eraman zutenean.
Bizkaiko Probintzia Auzitegian abiarazi da gaur, asteazkena, Joseba Andoni Agirreren aurkako epaiketa. Fiskalak 16 urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat, jabego pribatu batean sartzeagatik eta Andina P.P. hiltzeagatik; eta Estatuko Abokatutzak gauza bera eskatu du, genero indarkeria kasua izanda, bera ere agertu delako auzian.
Betalde, akusazio partikularrak hiru urteko kartzelaldia eskatu du tratu txarrak emateagatik; gainera, jabego pribatuan sartzea ere eta gizahilketa egitea egotzi dio. Defentsak, bere aldetik, errugabetzat hartzea eskatu du.
Fiskaltzak aurkeztutako idazkian adierazi duenez, 2014ko martxoaren 17an, 9:00ak aldera, akusatua biktimaren etxebizitzara joan zen, Mungiako Iturribide kalean, "bikotekide ohia hiltzeko asmoz" (ez ziren elkarrekin bizi zenbait hilabete lehenagotik).
Heldu zenean, bikotekide ohiaren borondatearen kontra, etxebizitzan sartu zen, berak zituen giltza batzuez baliatuta. Behin sartu zenean, biktimaren logelara abiatu zen. Andina esnatuta eta jantzita zegoen une horretan.
Emakumea oihuka hasi zen, akusatua ikusi zuenean baina, erasotzaileak, bertan hil eta berehala alde egin zuen.
Medikuek baieztatu egin zuten biktimak entzefalopatia izan zuela, ito egin zutelako.
Hori dela eta, Fiskaltzak urte eta erdiko espetxe-zigorra eta botoa emateko eskubidea aldi baterako baliogabetzea eskatu du, jabego pribatuan sartzeagatik dagokion zigorra betetzen duen bitartean, beste 15 urteko kartzelaldia eta erabateko gaitasungabetzea, gizahilketa delitua egitegatik, eta epaiketen gastuak ordaintzea.
Akusatuak deklarazioan adierazi duenez, ukatu egin du Mungiako polizia-etxera eraman zuten ertzainei ezer aitortu zienik, alegia, Andina hil izana, eta ziurtatu du agenteek "behartu eta engainatu" zutela. "Ni (egilea) izan nintzela esan zidaten", esan du, eta gaineratu ez zuela berarekin eztabaidarik izan, ez zela bere etxean egon, ez ziela agenteei ezer onartu eta "inoiz ez" ziola mehatxurik egin.
Agirrek onartu egin du, bestalde, "arrazoi ekonomikoek" eragin zutela bakoitzak bere kabuz bizitzea, baina ziurtatu du harremanak jarraitzen zuela. Gainera, adierazi duenez, hilketaren egunean Andinarekin gosaltzeko geratu zen, egin ohi zuten bezala, horregatik, etxearen "inguruetan" itxaron eta gero, ez zekielako zein etxebizitzatan bizi zen, bere gurasoen etxera joan zen, Zamudiora.
Akusatuak, era berean, ukatu egin du "jeloskorra eta kontrolatzailea" izatea, eta, bere esanetan, "Andinaren egoerak kezkatzen ninduen aldiro, arazo larria nuelako alkoholarekin". Hori dela eta deitzen zion "eguneko edozein ordutan".
Azkenik, Mungiako polizia-etxera eraman zuten Ertzaintzako agentek azaldu dutenez, gerrikoan agerian zituen odol tanta batzuen inguruan galdetu zioten eta, bera, "negar sotinka hasi zen, eta "ni izan naiz, ni izan naiz, maite dut eta bizitza okertu dit" esan zuen.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.