Gizartea -
euskara
Euskaltzaindiak eta Bilbok urtebete luzatu dute elkarlanerako ituna
'Bilbo euskaldunagoa izatea' lortu nahi dute, 2008etik indarrean dagoen hitzarmena luzatuta.
agentziak | erredakzioa
Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak urtebetez luzatu dute elkarlanerako hitzarmena, 2008etik indarrean dagoena, "erabilera soziala" bultzatu eta euskararen "kalitatea zaintzeko", "Bilbo euskaldunagoa izatea" lortzeko helburuarekin, bi erakundeetako ordezkari nagusiek azpimarratu dutenez.
Hitzarmena gaur, asteartea, goizean berritu dute Bilboko udaletxean, Juan Mari Aburto hiriko alkateak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidenteak.
Izan ere, Euskaltzaindia euskararen udal aholkularitza kontseiluaren kide da, baina "harago joan nahi dugu", esan du alkateak.
Oraingoan sinatutako akordioaren bidez, Udalak 15.750 euro emango dizkio Euskaltzaindiari urtean, "euskal literatura sustatu, hizkuntza aholkularitza bermatu eta euskararen erabilera Bilbon sustatzeko" helburuarekin.
Hala, sinaduraren bidez euskararen Udalak euskararen alde egindako "apustua" berretsi egin dute, Aburtoren esanetan, "ezagutua, erabilia eta, bereziki, maitatua" izatea nahi dute.
Hiria "eleanitzagoa" egiteko helburua nabarmendu dute Aburtok eta Urrutiak. Horretarako, alkatearen esnetan, beharrezkoa da euskararen erabilera "sustatzea eta normalizatzea", "inolako aurreiritzik utilitarismorik gabe", "eguneroko errealitate izan dadin, kalean zein administrazioan".
Bestalde, alkate bilbotarrak iragarri du maiatzean "Euskara Ibiltaria" erakusketa inauguratuko dutela, euskalkiak ezagutarazteko, eta bertan zenbait hitzaldi egingo dituzte.