Gizartea -
Droga
Donostian adarra zuen droga sare bat desegin dute Espainian
Guardia Zibilaren arabera, aipaturiko sareak haxixa helikopteroz eramaten zuen Marokotik Espainiara.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak 20 pertsona atxilotu ditu estatu espainiarrean, Marokotik Espainiara haxixa eramaten zuen droga sare bateko kide izatea leporatuta. Ikerketaren arabera, helikopteroz egiten zuten Afrikatik Espainiarako garraioa eta kartzela baimenak baliatzen zituen preso bat zen pilotua.
"Griva" deituriko polizioa operazioa Gipuzkoan, Madrilen, Malagan, Sevillan eta Cadizen egin dute eta hamaika nazionalitatetako 20 lagun atxilotu dituzte, tartean, espainiarrak, marokoarrak, errumaniarrak eta ekuadortarrak.
Polizia operazioaren baitan 14 miaketa egin dituzte: 4 Madrilgo autonomia erkidegoan, 3 Donostian, 2 Esteponan (Malaga), 2 Algecirasen (Cadiz) eta 3 Sevillan. Miaketa horien baitan, poliziak 1.000 landareko marihuana plantazio bat aurkitu zuen Donostiako industriagune bateko pabiloi batean ezkutatuta.
Halaber, bi helikoptero, 15 ibilgailu (kamioi bat tartean), 1.500 kilogramo haxix, 1.000 landareko marihuana plantazio bat, 220.000 euro eskudirutan, dirua kontatzeko makinak, material informatikoa eta aire nabigaziorako materiala atzeman dituzte.
Espainiako Guardia Zibilak zabaldutako ikerketaren arabera, Esteponan bizi zen marokoar bat zen sareko buru eta bertatik erakundeko maila guztiak kontrolatzen zituen: droga hornitzaileak, banatzaileak, garraiolariak, etab.
Ongi egituratutako sarea ei zen; izan ere, maila ezberdinetako kideek ez zuten elkar ezagutzen.
Droga garraiatzeko bi helikoptero eta Donostian bizi zen esperientzia handiko pilotu bat kontratatu zituen sareak.
Aipaturiko pilotua preso zegoen, baina baimenak baliatzen zituen droga batetik bestera helikopteroz garraiatzeko.