Gizartea -

BI EURO ASTEAN

Bilbao Kirolakek korrikazaleentzako irteerak antolatuko ditu

Txurdinagako eta Deustuko kiroldegiak izango dira irteera-puntuak. Bestalde, lasterketa bereziak antolatuko dituzte apirileko, maiatzeko eta ekaineko azken larunbatean, 10:00etatik 11:30ak arte.

Helburuak marka pertsonalak haustea eta baldintza fisikoa hobetzea dira. Argazkia: EITB
Helburuak marka pertsonalak haustea eta baldintza fisikoa hobetzea dira. Argazkia: EITB
Helburuak marka pertsonalak haustea eta baldintza fisikoa hobetzea dira. Argazkia: EITB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbao Kirolakek lehenengo ‘running’ kluba sortu du, eta izen-emateak bi euro balioko du astean. Apiriletik ekainera arte egongo da martxan, eta kiroldegietan abonatutako pertsonei zuzenduta dago.

Ekimen horren bidez, Udalak entrenatzaile batekin taldean korrika egiteko aukera eskainiko du. Helburuak marka pertsonalak haustea eta baldintza fisikoa hobetzea dira.

Txurdinagako eta Deustuko kiroldegiak aukeratu dituzte irteera-puntu izateko. Txurdinagakoan, ibilbideak astearteetan eta ostegunetan izango dira, eta Deustukoan, astelehenetan eta asteazkenetan. Lasterketak 19:00etatik 20:00ak bitartean izango dira.

Irteera bereziak

Lasterketez gain, kiroldegiek irteera bereziak antolatuko dituzte apirileko, maiatzeko eta ekaineko azken larunbatean, 10:00etatik 11:30ak arte.

- Lehenengoa apirilaren 30ean izango da Deustuko kiroldegian, ‘Running urbano’ lelopean. Korrikazaleek gehien igarotako hiriko puntuetatik ibiliko dira kirolariak.

- Bigarrena maiatzaren 28an izango da Txurdinagako kiroldegian, ‘berdintasunaren alde korrikan’ leloarekin. Bertan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatuko du, eta kirolariek kamisetak erabiliko dituzte.

- Hirugarrena ekainaren 25ean izango da, ‘Running infourbana’ izenpean. Ibilbidea Bilboko gunerik adierazgarrienetatik igaroko da.

Parte hartu nahi duten kirolariek Bilbao Kirolakeko kiroldegietan eta webgunean eman dezakete izena. Aste honetatik aurrera, apirileko lehen asterako izen-emateak jarriko dituzte abian, eta poliki-poliki besteetara zabalduko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Istiluak Bilbon gaur Gizartea bideoak Osasun albisteak gaur Txurdinaga albisteak