Gizartea -

Lan istripua

Dolua eta atsekabea Ondarroan bi langileen heriotzagatik

Udalak ezohiko saioa egingo du astearte honetan, bi dolu-egun deitzeko. Zunbeltz Bedialauneta alkateak adierazpen instituzional bat irakurriko du.

Beharginen senitartekoak. Argazkia: EFE
Beharginen senitartekoak. Argazkia: EFE
Beharginen senitartekoak. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ondarroako Udalak elkartasuna adierazi die biktimen senideei, eta astearte honetan ezohiko saioa egingo du, bi dolu-egun deitzeko.

Saio horretan, Zunbeltz Bedialauneta alkateak adierazpen instituzional bat irakurriko du. ?Une zail hauetan? hildakoen senitartekoei elkartasuna adierazi die Udalak.

Iñigo Urkullu lehendakariak bere atsekabea azaldu du. Era berean, hildakoen senide, lagun eta lankideei eta Arrantzaleen Kofradiari elkartasuna adierazi die buruzagiak.

Bi langile hil ziren atzo arratsaldean Ondarroan, izotz lantegi batean jazotako amoniako eztanda baten ondorioz. Leherketa 14:45ean jazo zen, Santa Klara konpainian, Egidazu Kaia kalean.

Eztanda konpresore batean gertatu zen. Horren ondorioz, gainera, amoniako isuria ere jazo zen.

Bi biktimak herrikoak ziren, 53 eta 55 urtekoak. Horietako bat LABeko ordezkaria zen, sindikatu abertzaleak jakinarazi duenez.

ondarroa leherketa efe

Suhiltzaileak eta Ertzaintza itzotz lantegiaren kanpoaldean. Argazkia: EFE

Leherketa txanda aldaketa egiten ari zirela gertatu zen. Horrek galarazi egin zuen biktima gehiago egotea.

Sindikatuek deia egin dute lan istripua salatzeko, 11:30etik 12:30ra bihar egingo den lanuztean parte hartzeko. LABek "elkartasuna eta babesa" agertu die biktimen senideei, eta aurten Euskal Herrian gutxienez 14 langile hil direla salatu du. Sindikatuak adierazi duenez, "lan istripuak eredu krudel baten eta patronalak inposatutako lan baldintzen ondorio dira".

Ondoren, 12:30ean, manifestazioa egingo dute herrian. Ondarroako Udalak bi deialdiekin bat egingo du, "bi herritar lanean bizitza galtzea oso larria delako", Zunbeltz Bedialauneta alkateak Radio Euskadin azaldu duenez.

ELAk, CCOOk eta UGTk gertatutakoa premiaz ikertzeko eskatu diote Osalani.

Istripu honekin, zorigaitzak berriz ere astindu du Ondarroa. Izan ere, 180 familia etxetik kanpo daude, lur-jausi bat dela eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Azken ordukoa Bizkaia EAE Ondarroa Albisteak