Gizartea -
Lan istripua
Bi langile hil dira Ondarroako enpresa batean jazotako eztanda batean
Leherketa Santa Klara izotz konpainian jazo da, 14:45ean. Bi biktimak herrikoak dira.
eitb.eus
Bi langile hil dira gaur arratsaldean Ondarroan (Bizkaia), izotz lantegi batean jazotako amoniako eztanda baten ondorioz.
SOS Deiak larrialdi zerbitzuak azaldu duenez, leherketa 14:45ean jazo da, Santa Klara konpainian, Egidazu Kaia kalean.
Eztanda konpresore batean gertatu da. Horren ondorioz, gainera, amoniako isuria ere jazo da, baina suhiltzaileek kontrolatuta dute jada.
Bi biktimak herrikoak ziren, 53 eta 55 urtekoak. Horietako bat LABeko ordezkaria zen, sindikatu abertzaleak jakinarazi duenez.
Hasiera batean, suhiltzaileek lantegiaren instalazioak arakatu dituzte, hirugarren langile bat desagertutzat jo baitute. Azkenean, baina, baztertu egin dute beste biktima bat egotea.
Baliteke gorpuak deskutsatu behar izatea, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak azaldu duenez. Ondarroakoa da Toña, eta bertaratu egin da gaur, gertatutakoa jarraitzeko.
Leherketa txanda aldaketa egiten ari zirela gertatu da. Horrek galarazi egin du biktima gehiago egotea.
Biktimen senideak bertaratu dira, eta Santa Clara kofradian gela bat prestatu diete, laguntza psikologikoa jasotzeko.
Lekuko batek Radio Euskadin azaldu duenez, leherketaren unean lantegitik gertu zegoen, eta bat-batean "ke zuria" ikusi du: "ez dut entzun eztanda, baina ikusi dut ke zuria zeriola; hasiera batean, hori ez da arraroa kai batean. Ondoren, baina, etorri dira anbulantzia, Ertzaintza…"
Udalak elkartasuna adierazi die biktimen senideei, eta astearte honetan ezohiko saioa egingo du, bi dolu-egun deitzeko.
Saio horretan, Zunbeltz Bedialauneta alkateak adierazpen instituzional bat irakurriko du. Gaur, eztanda izan den lekura gerturatu da.
LAB sindikatuak deia egin du lan istripua salatzeko deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko.
Zentral abertzaleak "elkartasuna eta babesa" agertu die biktimen senideei, eta aurten Euskal Herrian gutxienez 14 langile hil direla salatu du.
Sindikatuak adierazi duenez, "lan istripuak eredu krudel baten eta patronalak inposatutako lan baldintzen ondorio dira".
Bestalde, ELAk, CCOOk eta UGTk gertatutakoa premiaz ikertzeko eskatu diote Osalani.
Istripu honekin, zorigaitzak berriz ere astindu du Ondarroa. Izan ere, 180 familia etxetik kanpo daude, lur-jausi bat dela eta.