Gizartea -

KONTSUMOBIDE

Kontsumoari lotutako erreklamazioak % 10 jaitsi dira EAEn 2015ean

Telekomunikazioen arloa izan zen, aurreko urteetan bezala, erreklamazio gehien pilatu zituen alorra. Darponen arabera, kontsumitzaileek modu arduratsuagoan kontsumitzen ikasi dute.

Gazteak mobilarekin
Gazteak mobilarekin
21.221 erreklamazio izan ziren 2015ean Euskadin, %10 gutxiago

1:08

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumoari lotutako erreklamazioen kopurua % 10 jaitsi zen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2015ean, aurreko urteko datuekin alderatuta. Telekomunikazioen arloa izan zen, aurreko urteetan bezala, erreklamazio gehien pilatu zituen sektorea; hamarretik lau, hain zuzen.

Bestalde, iaz, Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak bitartekaritza prozesu gehiago bideratu zituen; kasuen % 43 aldeen arteko akordioaren bidez ebatzi ziren. Arbitraje bidez, berriz, % 80 ebatzi ziren kontsumitzailearen alde.

Kontsumobidek 2015. urtean izandako kontsumo-jardueraren balantzea aurkeztu du gaur, Kontsumitzailearen Munduko Egunaren bezperan. Gasteizen eskainitako prentsa agerraldian eman dituzte datuok Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Xabier Legarreta Kontsumobideko zuzendariak.

Darponek nabarmendu duenez, "produktuak edo zerbitzuak kontsumitzen ditugunean dagozkigun eskubideak gogorarazteko eguna da biharkoa, baina baita dagozkigun betekizunak ez ahaztekoa ere".

2015eko balantzeari dagokionez, Osasun sailburuak nabarmendu du erreklamazioen kopuruak behera egin izana "kontsumitzaileak modu arduratsuagoan kontsumitzen ikasten hasi izanari" zor zaiola, baina baita "euskal enpresen erantzukizun maila gero eta handiagoari ere, kontsumitzaileen eskubideak gehiago errespetatzen ari direlako".

Legarretaren esanetan, erreklamazio gehienen erantzule diren enpresekin harremanetan jarri dira eta neurri zuzentzaileak proposatu dizkie Kontsumobidek. Orain arte, "emaitza oso onak" lortu dituztela ziurtatu du. "Kasuren batean, erreklamazioak % 40 jaitsi dira", esan du.

Telefonia eta Internet

Jarduera txostenaren arabera, 2015ean, guztira, kontsumoari lotutako 21.221 erreklamazio aurkeztu ziren: % 57 (12.057) Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoetan (KIUB), % 38 (8.090) Kontsumobidek EAEko hiru hiriburuetan dituen lurralde bulegoetan, eta gainerako % 5a (1.074) kontsumitzaileen elkarteetan. Kontsumo bulego guztietan egin zuen behera erreklamazio kopuruak, eta ia erreklamazio guztiak (erreklamazioen % 99,42) aurrez aurre aurkeztu zituzten.

Sektoreka, telekomunikazioek (telefonia eta Internet) erreklamazioen % 38 eragin zituzten. Bigarren erreklamazio eragile nagusia, % 10, energia zerbitzuen sektorea izan zen, eta, ondoren, etxetresna elektrikoena (informatika eta ikus-entzunezkoak barne), % 7. Erreklamazioen arrazoi nagusiak hauek izan ziren: fakturazio akatsak, kontratua ez betetzea edo emandako zerbitzuaren gutxiegitasuna.

Halaber, iaz, 108 zehapen-espediente ireki ziren, jasotako erreklamazioen ondorioz zein programatutako ikuskapen kanpainen ondorioz.

Kontsumobidek merkatua kontrolatzeko 4.017 ikuskaritza egin, eta 9.216 produktu erretiratu zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Kontsumoa Kontsumoko Euskal Institutua