Gizartea -
Luizia Ondarroan
Toña: 'Kamiñaldeko mendi-hegala jausi egingo da, baina ez dakigu noiz'
Jaurlaritzako Enplegu sailburuaren esanetan, adituek ez dute uste "mendiak etxeak aurretik" eramango dituenik.
Agentziak | Erredakzioa
Kamiñaldeko mendi-magala (Ondarroa) "behera etorriko" dela aitortu du gaur Angel Toña Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak, baina ez dakitela "noiz eta nola". Hala ere, "mendiak etxeak aurretik" eramango ez dituela uste du sailburuak.
"Pixkanaka-pixkanaka erortzea nahi dugu, oinarri bat osatzeko. Mendiaren masa guztia batera eroriko balitz hondamendi bat izango litzateke, espero dezagun hala ez gertatzea", nabarmendu du Radio Euskadin.
Azken egunetan arrakalak areagotu egin direla onartu du Toñak, baina orain "egonkorrago" dagoela esan du. Gainera, gaur sastrakak eta zuhaitzak kenduko dituztela azaldu du, "pisu gutxiago izateko".
"Luiziak amaitu ondoren, etxebizitzen kalteak ikusi eta konponketak egin beharko dira, bizilagunak itzuli ahal izateko. Konponketa lanekin nahikoa izango dela uste dugu", adierazi du.
Etxetik atera zituzten bizilagunei ostatu emateko beharrezkoa izango den etxebizitzen kopurua gaur zehaztuko dutela azaldu du Toñak. Alokabideko etxe batzuk prest dituztela esan sailburuak, baina "nahikoak ez" direla.
Horregatik, inguruko bizilagunei dei egin die, "baldintza duinetan etxebizitzak hutsik daudelako". Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak "errenta baten ordainketa eta etxea baldintza berdinetan bueltatzea" bermatzen duela gogorarazi du.
Ondarroako alkatea: 'Luze joko du"
180 familiek denbora dezente etxetik at eman beharko dutela ohartarazi du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako (Bizkaia) alkateak, izan ere, Kamiñaldeko arazoak "luze joko" du.
Iragan astean etxetik atera behar izan zituzten 180 familien egoera hizpide izan du alkateak Radio Euskadin. Kamiñalde kalearen inguruetan, mendi-magalean, luiziak izan ziren.
Alkatearen hitzetan, gau lasaia izan da, "luizi berririk ez da gertatu", eta eguneko 24 orduetan "datuak" aztertzen ari dira.
Bigarren txanda batean, ostiralean, etxetik atera behar zituzten bizilagunekin bilera egin zuen Udalak igandean. Fitxa bat entregatu zieten "familiak zenbat kidek osatzen dituzten" ezagutzeko, alkateak azaldu duenez, egoerak "luzerako joko" duelako.
Ezinegona
"Zenbateko iraupena izango duen zalantza dute familiek eta ezinegona nagusi da. Etxebizitzak Alokabideren esku uzteko eskatzen die Udalak Ondarroako eta eskualdeko herritar guztiei", erantsi du.
Azkenik, etxebizitzak egin baino lehen egindako txosten teknikoen berri ez duela azaldu du Zunbeltz Bedialaunetak. Informazio batzuen arabera, txosten batzuek luizien arriskuaz ohartarazi zuten.