Gizartea -
Luizia Kamiñalden
Ondarroako kaltetuak berrantolatzea lehentasuna da, Urkulluren arabera
Halaber, lehendakariak dei egin die etxebizitza hutsak dituzten Ondarroako eta inguruko bizilagunei kaltetuen eskura jar ditzaten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ondarroan etxetik atera behar izan dituzten bizilagunak berrantolatzea lehentasunezko kontua da, Iñigo Urkullu lehendakariak kaltetutako eremura gaur egindako bisitan azaldu duenez; izan ere, aurreikuspenen arabera, luzerako kontua izango da.
Urkulluk erakundeen arteko lankidetza azpimarratu du, dena den, kezkatuta agertu da egoera denboran luza daitekeelako.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna etxetik atera behar izan dituzten Ondarroako bizilagunak kokatzea izango dela nabarmendu du lehendakariak. Ildo horretan, Jaurlaritzak Alokabideko etxebizitzak jarriko ditu kaltetuen zerbitzura.
Urkulluk Ondarroan edota inguruko herrietan etxebizitza hutsak dituztenei dei egin die, Eusko Jaurlaritzaren Bizigune zerbitzuaren bitartez kaltetuen eskura jar ditzaten.
Halaber, bizilagunen "laguntza" eta "borondatea" eskertu du Urkulluk.
Iñigo Urkullu lehendakaria Ondarroara joan da luizien ondorioz etxetik atera behar izan dituzten familien egoera bertatik bertara ezagutzeko. Halaber, lehendakariarekin batera, Angel Toña eta Estefania Beltran de Heredia sailburuak ere bertan izan dira.
Kaltetutako etxebizitzetako bebarru bakoitietako 97 familiak beren etxebizitzetara sartzeko aukera izan dute gauzak hartzeko 30 minutuz, 10:00etatik 11:30era, suhiltzaileez, udaltzainez eta Gurutze Gorriko boluntarioez lagunduta. Atzo, larunbata, bebarru bikoitietako kaltedunen txanda izan zen.
Batez ere premiazkoak diren gauzak edota iraungitzeko arriskua duten produktuak hartzeko tartea izango dute.
Halaber, kaltetutako merkatariek ordu eta erdiko tartea izango dute beraien lokaletan sartzeko.
Etxetik atera dituzten bizilagun gehienek senideen edota lagunen etxean igaro dute gaua. Dena den, 10 pertsona inguru kokatu behar izan ditu Ondarroako Udalak: 4 zaharren egoitzan eta dozena erdi bat herriko ostatu batean.
Rakel Elu Ondarroako alkateak Euskadi Irratian adierazi duenez, Udaleko gizarte zerbitzuetako langileak asteartean etxetik atera zituzten 84 familiarekin jarriko dira bihar harremanetan eta banan-banako bilera baterako deituko dituzte, asteartetik ostiralera bitartean. Behin kaltetu guztiekin elkartutakoan, Udalak horien egoeraren berri jakinaraziko dio Jaurlaritzari.
Kaltetutako bizilagunak artatzeko bulegoa jarri du martxan Udalak: 08:00etatik 15:00etara, udaletxeko Idazkaritzan laguntza eskainiko zaie etxetik atera behar izan duten bizilagunei.
Guztira, 176 familia atera behar izan dituzte beren etxebizitzetatik aste honetan Ondarroan, Kamiñalde kalearen inguruko mendi-hegal batean izandako lur-jausien eraginez.
Mendi-hegalaren "beheranzko joera" mantentzen da
Bizilagunek beren etxeetatik kanpo jarraitu beharko dute oraingoz. Argazkia: EiTB
Teknikariek mendiaren beheranzko joera mantentzen dela adierazi dute eta, beraz, larrialdi egoera batean daudela gogorarazi die herritarrei, Ondarroako Udalak jakinarazi duenez. Beraz, bizilagunek ezingo dute oraingoz beren etxeetara itzuli.
Lehendakariak azaldu duenez, teknikariak "etengabe" ari dira tokian bertan lanean, mendi-hegala "monitorizatzeko eta aztertzeko" eta arrisku-maila "bost minuturo" jarraitzeko. Aipaturiko lan horiek bizpahiru asteko iraupena izango dute eta etxebizitzak kaltetuak izan diren eta zein konponbide hartuko diren zehaztuko dute.
Alokabideko etxebizitzak, kaltetuen eskura
Eusko Jaurlaritzak Alokabideko etxebizitzak eta gizarte laguntzak jarriko ditu, luizien ondorioz, Ondarroan etxetik atera behar izan duten bizilagunen eskura.
Eusko Jaurlaritzak Alokabideko etxebizitzak eskainiko dizkio Ondarroako Udalari, behin udal gobernuak kaltetuen beharrak ebaluatu ondoren.
Halaber, kaltedunen artean gizarte larrialdi egoeraren bat antzemanez gero, Eusko Jaurlaritzako gizarte zerbitzuen laguntza ere eskaini du Urkulluren gobernuak.
Jaurlaritzak Bizigune etxebizitza programa ere kaltetuen eskura jarri du, beren etxetik atera behar izan dutenek etxebizitza baliabide gehiago izan ditzaten.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak baliabide teknikoak eta giza baliabideak -geologoak eta ingeniariak- eskaini dizkio Ondarroako Udalari, mendi-hegalaren egoera aztertzeko.
Eusko Jaurlaritzaren hurrengo Gobernu Kontseiluak gaia jorratuko du eta salbuespenezko neurriak hartu ala ez erabakiko du.