Gizartea -
Luizia Kamiñalden
Jaurlaritzak etxebizitzak eskaini dizkie Ondarroako kaltetuei
Halaber, kaltedunen artean gizarte larrialdi egoeraren bat antzemanez gero, Eusko Jaurlaritzako gizarte zerbitzuen laguntza ere eskaini du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak Alokabideko etxebizitzak eta gizarte laguntzak jarriko ditu, luizien ondorioz, Ondarroan etxetik atera behar izan duten bizilagunen eskura.
Guztira, 176 familia atera behar izan dituzte beren etxebizitzetatik aste honetan Ondarroan, Kamiñalde kalearen inguruko mendi-hegal batean izandako lur-jausien eraginez.
Kaltetutako ingurura egindako bisitaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak dituen asmoen berri eman dute Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuek. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak Alokabideko etxebizitzak eskainiko dizkio Ondarroako Udalari, behin udal gobernuak kaltetuen beharrak ebaluatu ondoren.
Krisi mahaia egin dute gaur goizean Ondarroan, aste honetako luiziek eragindako kalteei nola aurre egin erabakitzeko, eta bertan izan dira Zunbetz Bedialauneta Ondarroako alkatea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Angel Toña eta Ana Oregi sailburuak.
Halaber, kaltedunen artean gizarte larrialdi egoeraren bat antzemanez gero, Eusko Jaurlaritzako gizarte zerbitzuen laguntza ere eskaini du Toña sailburuak.
Jaurlaritzak Bizigune etxebizitza programa ere kaltetuen eskura jarri du, beren etxetik atera behar izan dutenek etxebizitza baliabide gehiago izan ditzaten.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak baliabide teknikoak eta giza baliabideak -geologoak eta ingeniariak- eskaini dizkio Ondarroako Udalari, mendi-hegalaren egoera aztertzeko.
Epeez galdetuta, Oregi kontseilariak nabarmendu du oraindik "goiz" dela bizilagunak etxera noiz itzuliko diren eta mendi-hegala egonkortzeko zenbat denbora beharko duten esateko.
Ana Oregi sailburua eta Zunbetz Bedialauneta Ondarroako alkatea. Argazkia: EiTB
Eusko Jaurlaritzaren hurrengo Gobernu Kontseiluak gaia jorratuko du eta salbuespenezko neurriak hartu ala ez erabakiko du.
Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldu nagusiak ohartarazi duenez, "arazo larria" da eta denbora asko beharko da "normaltasunera itzultzeko". "Nahiago nuke oker banengo, baina denbora asko beharko da. Luzerako kontua da. Mendiak eta haren mugimenduak jarriko du erritmoa, ez guk. Mendiaren baitan gaude denerako", ohartarazi du-
Alkateak Ondarroan etxebizitza hutsak dituzten bizilagunei dei egin die Udalarekin edota Jauarlaritzaren Alokabide zerbitzuarekin harremanetan jar daitezen.
Kaltetutako bizilagunak artatzeko bulegoa jarri du martxan Udalak: 08:00etatik 15:00etara, udaletxeko Idazkaritzan laguntza eskainiko zaie etxetik atera behar izan duten bizilagunei.
Mendi-hegal osoa jausteko arriskua
Ondarroako Udaleko bozeramaile batek EFE albiste agentziari baieztatu dionez, lur-jausi berriak izan direla egiaztatu du gaur egindako azken azterketa geologikoak.
Are gehiago, mendiaren hegal osoa jausteko arriskua handia dela ohartarazi dute adituek.
Kaltetuak, urduri eta kezkatuta
Ondarroako Udalak beren etxebizitzetara sartzea ahalbidetu die gaur arratsaldean 52 familiari -ordu erdiz eta larrialdi zerbitzuez lagunduta- objektu pertsonalak eta premiazko gauzak hartzeko. Hala baieztatu du 112 Larrialdi Zerbitzuak haren Twitter kontuan.
Halaber, kaltetutako ostalariak eta merkatariak Udaleko ordezkariekin elkartu dira 16:00etan beren egoera aztertzeko.
Etxetik atera behar izan duten Ondarroako bizilagunak urduri eta kezkatuta azaldu dira, izan ere, ez dakite zenbat denbora egin beharko duten beren etxebizitzetatik kanpo.
Kaltetu gehienek senide edota lagunen baten etxean igaro dute gaua, eta soilik 7 pertsona birkokatu behar izan ditu Udalak herriko ostatuan eta zaharren egoitzan.
Loren Arkotxa Ondarroako alkate ohiak ez du pareko hondamendirik gogoratzen herrian eta Napoleonen tropek herriari su eman ziotenean gertaturikoarekin alderatu du.