Gizartea -

Gertakaria

Emakume bat larri, Donostian tutu malgu batekin estropezu egin ostean

Emakume oriotarraren hankak harrapatu zituen saneamendurako tutu malgu batek, erori eta buruarekin zorua jo zuen.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

46 urteko Orioko emakume bat Donostia Ospitaleko Zainketa Berezien Unitatean dago larri zaurituta atzo buruan jaso zuen kolpe gogor baten ondorioz ebakuntza egin ostean. Dirudienez, saneamendu kamioi baten tutu malguarekin estropezu egin zuen Kursaal inguruan, erori eta buruarekin zorua jo zuen.

Donostiako Udaleko eta Segurtasun Saileko iturrietatik jakinarazi duenez, Ertzaintzak ikerketa jarri du abian atzo, 16:30 aldera, Zurriola pasealekuan, Kursaal parean, gertatu zena argitzeko.

Aqualogy Medioambiente enpresaren kamioi bat zegoen bertan. Hiriko estolderia sareaz garbitzeaz eta zaintzeaz arduratzen den enpresaren kamioia ura hartzen ari zen tutu malgu baten bitartez.

Udaleko iturrien arabera, autobus bat bertatik igaro zen eta tutu malgua arrastaka eraman zuen metro batzuk aurrera. Orduan, tutuak tentsioa hartu zuen, eta Kursaaleko aparkalekutik ateratzen ari zen emakumearen hankak harrapatu zituen.

Orduan, emakumea erori egin zen eta kolpe gogorra jaso zuen buruan. Lurrean konortea erdi galduta geratu zen, eta anbulantzian eraman zuten Donostia Ospitalera.

Ebakuntza egin zioten atzo bertan emakumeari, eta Zainketa Berezien Unitatean utzi zuen gero, eta egonkor badago ere, larri jarraitzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Eguneko albisteak