Gizartea -

Indarkeria matxista

Mutil bat atxilotu dute Bilbon, bikotekidea jotzen saiatzeagatik

Gazteak aurre egin zien agenteei, eta senide bat kolpatu zuen. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 20 urteko mutil bat atxilotu du Bilbon, ustez bikotekideari erasotzen saiatzea, senide bat kolpatzea eta atxiloketari aurre egitea egotzita.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, dena eguerdian gertatu da, Otxarkoaga auzoko Txotena kaleko etxebizitza batean. Ordu horretan, herritar batek Ertzaintzari deitu dio, etxebizitza batean oihuak eta kolpeak entzuten zirelako, eta patruila bat bertaratu da.

Ertzainak iritsi zirenean, gaztea oihuka eta etxeko atea kolpatzen ari zen. Horren aita ere bertan zegoen, semea lasaitzen saiatzen.

Agenteak ikustean, mutilak aurre egin zien, eta ondoren ihes egin zuen.

Orduan, erasotzailearen senideek poliziekin hitz egin zuten, eta zenbaitetan mutila emakumeari erasotzen ikusi zutela azaldu zieten.

Ertzainek emakumea zaurituta ez zegoela egiaztatu zuten ondoren, eta indarkeria matxista kasuetan nola jokatu azaldu zioten.

Une horretan, erasotzailea berriz ere agertu zen, burdinazko barra bat eskuan, eta ertzainek galarazi egin zioten etxean sartzea. Horregatik, mutilak aurre egin zien berriro, eta atariko beirak hausten hasi zen. Horren ondorioz, ertzain batek zauri bat egin zuen bekain batean.

Gaztearen beste senide batek ere esku hartu zuen gatazka, mutila lasaitzen saiatzeko, eta kolpe bat jaso zuen ahoan.

Azkenean, ertzainek geldiarazi egin zuten erasotzailea, eta atxilotuta eraman zuten, genero indarkeria, agintariei atentatu egitea eta lesioak eta kalte materialak egitea leporatuta.

 

______________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Tratu txarrak gaur Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Albisteak