Gizartea -
Denboralea
Elurrak kaosa eragin du Iruñeko eta Iruñerriko errepideetan
Euriteek EAEko hainbat ibairen maila igo dute. Kezka iturri dira Cadagua (Bizkaia) eta Urola (Gipuzkoa).
Eider Garaikoetxea | Eitb.eus
Gaur Iruñera errepidez heltzea amesgaiztoa izan da askorentzat. Izan ere, 05:30ean mara-mara hasi da, eta zurituta utzi ditu Nafarroako hiriburuko kale eta bideak. Hainbat auzotatik eta Bidearen Autobiatik (A-12) Iruñera minutu gutxian egin ohi duten ibilbidea ordu batzuetako bidaia bilakatu da gidarientzat.
Iruñeko Udalak elurra kentzeko 11 makina eta hainbat langile jarri ditu beharrean goizean goizetik. Iruñerriko autobus zerbitzuan atzerapenak izan dira goiz osoan, eta 'billabesak' ezin izan dira iparraldeko zenbait herritara heldu (Beriain eta Noain, esaterako). Errepideetan 20 bat istripu arin egon direla jakinarazi dute Udaltzaingoak eta Foruzaingoak.
Ezbehar larriena, baina, Legardan, A-12an, jazo da, Erreniegako tunelaren irteeran. Lau lagun zauritu dira, horietako bi larri, auto batek harrapatuta.
Nonbait, lau lagunak autotik atera dira istripua eduki duen gidari bat artatzeko, eta beste kotxe batek harrapatu ditu. Ezbeharra 07:55ean jazo da.
Elurraren ondorioz, A-15a itxita eduki dute kamioiek; eguerdirako zabaldu dute.
Horrez gain, Aenak jakinarazi duenez, Noaingo aireportutik atera behar zen lehen hegaldia (Iruñea-Madril, 06:30ean) hiru ordu geroago aireratu da. Segurtasun neurri gisa, pista hainbat aldiz garbitu dute, elur asko pilatu baita. Kaos horren lekuko izan da Nafarroako Parlamentua ere. Atzerapenez hasi da osoko bilkura, parlamentari askok Iruñera heltzeko zailtasunak izan baitituzte.
Nafarroa alerta laranjan izan da eguerdira arte, goizaldean, elur-kota 400 metroan kokatu da eta.
Gogotik bota du Baztanen, Ainhoa Karrikaburuk Arizkunen atera duen argazki honetan ikus daitekeenez.
Uholde txikiak eta marea biziak
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Araban bakarrik eragin ditu arazoak elurrak. Herrera, Bernedo eta Zaldiaran mendateak itxita egon dira goizean.
Euriteek Bizkaian eta Gipuzkoan eragin zitzaketen uholdeak ere izan dira kezka iturri. Izan ere, bi lurraldeok alerta laranjan zeuden eguerdira arte, prezipitazio handiak espero baitziren.
Goizaldean gogotik egin du euria, baita txingorra ere. Hala, Cadagua (Bizkaia), Zadorra (Araba), Oria eta Urola (Gipuzkoa) ibaien mailak gora egin du. Enkarterrin, maila laranja harrapatu du Cadaguak, baina, aurreikuspenen arabera, arratsalderako egonkortuko da.
Lur-jausi txikiak izan dira bigarren mailako errepide batzuetan, eta txapa istripu ugari jazo dira. N-634 errepidea itxita dago Zarautz eta Zumaia artean, olatu handiengatik.
Goizaldean, marea biziak egon dira, eta itsasadarrak gainezka egin du Elorrieta parean (Bilbo). Barakaldon ere, uholde txikiak eragin dituzte mareok.
Euskal kostaldea alerta laranjan zegoen itsasaldeko arriskuagatik, baina olatuek ez dute aparteko arazorik eragin Donostian eta Zarautzen: