Gizartea -

LUIZIA

15 egun etxetik kanpo eman beharko dituzte Ondarroako bizilagunek

Etxe hutsak dituzten Ondarroako bizilagunei deia egin die Udalak, kaltetuei aldi baterako bizitokia utzi diezaieten.

40 bat familia atera dituzte euren etxeetatik, luiziaren ondorioz.
40 bat familia atera dituzte euren etxeetatik, luiziaren ondorioz.
84 familiek etxetik kanpo egon beharko dute 15 egun gutxienez

1:46

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laurogei sendi inguru etxetik atera behar izan zituzten, atzo arratsaldean, Ondarroan, lur-jausi baten ondorioz, San Ignazio kalean. Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak esan duenez, gutxienez 15 egun eman beharko dituzte etxetik kanpo kaltetutako bizilagunek.

Alkateak azaldu duenez, ez dago Udalaren esku bizilagunak etxera noiz itzuli erabakitzea. "Bi, bost, hamar edo hogei eguneko kontua izan daiteke. Guretzat oso zaila da data zehatz bat ematea", esan du. Lur-jausiak eragindako kalteen inguruko azterketaren emaitzak eskura izan orduko, bizilagunak jakinaren gainean jarriko dituztela esan du. Teknikariak lanean ari direla adierazi du, baina oraindik "goiz" da ezer aurreratzeko, bere hitzetan.

Joan den astean, luizi bat jazo zen Kamiñalde kalearen inguruan. Hori dela eta, mugak jarri zizkieten oinezkoei eta ibilgailuei bertatik pasatzeko.

Azken orduetan izandako euriteen ondorioz, baina, egoerak okerrera egin du, eta Udalak etxebizitzak ebakuatzeko agindua eman behar izan du. Antza, luizi gehiago egoteko arriskua dagoela ohartarazi dute teknikariek.

Auzokideen laguntza

Bizilagunekin izan duen bileran, alkateak adierazi du herritarren segurtasuna bermatzea dela lehentasuna. Horregatik, egoera bere onera etorri arte, etxeak hutsik izateko erabakia hartu dute.

Kaltetutako asko senideen edota lagunen etxeetan geratuko dira, eta gainerakoei Udalak eskainiko die bizitokia egun batzuetarako.

Herritarren laguntza ere eskatu dute Udaletik: hala, etxe hutsak dituzten bizilagunei dei egin die alkateak, kaltetuei aldi baterako uzteko. Larrialdi egoera honetan aukera guztiak gustura hartuko dituztela gaineratu du.

Kaltetutako bizilagunak artatzeko bulegoa jarri du martxan Udalak: 08:00etatik 15:00etara, udaletxeko Idazkaritzan laguntza eskainiko zaie etxetik atera behar izan duten bizilagunei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Eguneko albisteak Ondarroa Albisteak Lea-Artibai eskualdea