Gizartea -

Eguraldia

Alerta laranja ezarri dute euriteengatik Bizkaian eta Gipuzkoan

Eguerditik osteguneko 12:00ak arte egongo da indarrean. 24 orduko epean, 60-80 litro pila daitezke metro koadroko.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du etengabeko prezipitazioengatik Bizkaian eta Gipuzkoan gaur eguerditik ostegun eguerdira arte.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, datozen orduetan prezipitazio ugari eta etengabeak espero dira isurialde atlantikoan, baita ekaitzak eta txingorra ere. Hori horrela, 24 orduko epean metro koadroko 60-80 litro pila daitezke.

Alerta asteazken eguerdian hasi eta ostegun eguerdira arte izango da indarrean.

Horrez gain, beste alerta laranja bat izango da indarrean ostegun goizaldean, itsasaldeko arriskuari dagokiona. Izan ere, 4-5 metroko olatuak espero dira, eta kostaldean eragin ditzaketen kalteengatik ezarri dute. Itsasgorak (05:21) 5 metroko altuera harrapatuko du.

Alerta laranjaz gain, nabigaziorako abisu horia dago indarrean lehen bi milietan, 12:00etatik hasita. Lauzpabost metroko olatuak egongo dira, iragarpenaren arabera. 16:00etatik 18:00etara, kostaldeko arriskuagatik izango da abisua. Itsasgora 17:04rako dago aurreikusita, eta 4,68 metroko altuera harrapatuko du.

Ostiralerako itsasaldeko arriskuagatik abisu horia ezarri du Segurtasun Sailak, 05:00etatik 07:00etara. Olatuak 2,5 metrokoak izango dira, eta 06:02an izango den itsasgorak 5 metroko altuera izango du.

Abisuak elurragatik eta haizeagatik

Eurite eta olatuak ez ezik, meteorologoek haize-bolada gogorrak eta elurra ere iragarri dituzte datozen orduetarako. Hori horrela, haizeteengatik abisu horia ezarri du Segurtasun Sailak gaurko. 100 km/h-ko ufadak egon daitezke haizeguneetan, eta 60-80 km/h-koak, gainerako tokietan.

Bestalde, abisu horia ere ezarri dute elurragatik, asteazkeneko 24:00ak arte. Elur-maila 500-600 metroan kokatuko da. Ostegun eguerdira arte, abisu berdina egongo da, elur-maila 600 metrotik (goizaldean) 900-1.100 metrora igoko bada ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Denboraleak bideoak Eguraldia Bilbao Gaurko azken ordukoa