Gizartea -
Iragarpena
Negu gorriko asteburu baten atarian
Gaur arratsaldean hasiko da euria, eta hurrengo astera arte izango dugu gurean. Elur-maila 500 metrora jaitsiko da.
EITB.EUS
Joan den asteburuan beste botako ez badu ere, euripean emango dugu martxoko lehen asteburua ere. Horrez gain, haize zakarra eta elurra ere izango ditugu lagun, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera.
Ostiralean, euriak tregoa txikia eman digu goizean. Eguerditik aurrera, baina, mendebaldeko haizea zakartu egingo da, eta euritara joko du aroak. Euria denera zabalduko da, baina isurialde atlantikoan egingo du batez ere. Elur-mailak behera egingo du, eta 800 metro inguruan kokatuko da gauerako. Tenperaturari dagokionez, arratsalderako freskatu egingo du.
Larunbata ere, negu beteko giroarekin etorriko da. Haize zakarra, zaparradak eta elurra gero eta maila baxuagoan egingo du. Lurraldearen iparraldean botako du gehien, eta ekaitzak ere espero dira. Elur-maila 700-800 metro inguruan kokatuko da, eta baliteke egunaren amaieran gehiago jaistea. Ipar-mendabaldeko haize-bolada gogorrak aurreikusi ditu Euskalmetek, batez ere kostaldean. Horrez gain, nabarmen hoztuko du, eta eguneko altuenak ez dira 10 ºC-ra iritsiko. Baliteke izotza egitea Araba eta Nafarroako hainbat puntutan.
Iganderako, berriz, ez da aldaketarik espero. Gogotik egingo du euria isurialde atlantikoan, ekaitzak eta txingorra barne. Elur-kota 500-600 metroan kokatuko da, iluntzerako apur bat igoko bada ere (700-900 metro). Haizeak ipar-mendebaldetik jotzen jarraituko du, eta tenperaturak jaitsaraziko ditu.
Abisu horiak
Egoera kontuan hartuta, muturreko fenomeno meteorologikoak direla eta, bi abisu ezarri ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak; elurragatik, bata, eta olatuengatik, bestea.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, elurrarengatik ezarritako abisua ostiral arratsaldetik igande gauerdira arte egongo da indarrean. Gainera, beste abisu hori bat ezarri du itsasaldeko arriskuagatik, nabigazioari lotutakoa, lehen bi milietan, lauzpabost metroko olatuak espero baitira. Abisu hori ostiral arratsaldetik igande goizera (06:00) egongo da indarrean.
Donostiako Pasealeku Berria, ostegun honetan. EFE
Hain justu, olatu handi horiengatik, Donostiako Pasealeku Berria itxita izango dute ibilgailuek.
Elurrari dagokionez, ostiral arratsaldean, 18:00etatik aurrera, elur-maila jaisten joango da (1.000 metroetatik 800era). Larunbatean eta igandean ere egongo da abisua indarrean, 500-600 metroan egin baitezake. 600 metroan, baliteke 5 zentimetroko geruza sortzea, iragarpenaren arabera.
Eskola jarduerak bertan behera
Bizkaiko Foru Aldundiak uretan eta mendian egiten diren hainbat eskola jarduera bertan behera utzi ditu larunbat honetan, iragarritako eguraldi txarra dela eta.
Arrantza, piraguismoa, surfa, triatloia, bela eta hondartzako boleibola dira bertan behera utzitako jarduerak.
Gainerako kirol jardueratan arretaz aritzeko deia egin du Diputazioak.