Gizartea -
App
Ezin dut Barik txartela sakelako telefonoarekin kargatu, zergatik?
Bizkaiko Garraio Partzuergoak jakinarazi duenez, erabiltzaileen akats nagusiak kargatzeko prozesuan Interneteko konexioa galtzea edo txartela aparailua ukitzen ez edukitzea izaten ari dira.
eitb.eus
Ehunka erabiltzailek kargatu dute dagoeneko Barik txartela sakelako telefonoaren bitartez, eta milaka dira Barik NFC aplikazioa Google PlayStoren deskargatu dutenak.
Hala eta guztiz ere, erabiltzaile batzuek arazoak izan dituzte, Barik txartela telefonoz kargatzera ohituta ez daudelako.
Bizkaiko Garraio Partzuergotik jakinarazi dutenez, erabiltzaileen akats nagusiak kargatzeko prozesuan Interneteko konexioa galtzea edo txartela aparailua ukitzen ez edukitzea izaten ari dira.
Horregatik, partzuergoak azpimarratu du erabiltzaileak konexiorik ez duela galduko dakien tokietan egin behar duela karga, eta ezin duela une batean ere txartela sakelako telefonoaren atzealdetik kendu karga zuzena izan dela dioen leihotxoa agertu arte.
CTBren prentsa zerbitzuak eitb.eus-i esan dio karga ordaindu baina txartelean jaso ez duten guztiekin jartzen ari direla harremanetan arazoa konpontzeko.
572 karga eta 2.414 deskarga egun batean
Astelehenean jarri zen martxan Barik txartela sakelako telefonoarekin kargatu ahal izateko aplikazioa, eta egun batean 2.414 erabiltzailek deskargatu dute, eta 572k telefonoz kargatu ahal izan dute txartela.
Guztira 1,3 milioi Barik txartel daude kalean, ia Bizkaiko garraio guztietan erabiltzeko.