Gizartea -

Denboralea

Uholdeen Larrialdi Plana bertan behera geratu da EAEn

Nafarroan, Ebro eta Ega ibaiak alerta egoeran daude, Mendabia eta Andosilla parean. EAEn, Zadorra zaintzen jarraituko dute.

Zadorrak gainezka egin du Billodan. Argazkia: SOS DEIAK
Zadorrak gainezka egin du Billodan. Argazkia: SOS DEIAK

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuan kezka iturri izan da ibaien ur-maila. Azken orduetan, baina, baretuz joan da denboralea, eta euri gutxiago egin du. Hala, ibaien egoera ez da horren kezkagarria. Horren seinale, Uholdeen Larrialdiko Plan Berezia desaktibatu du goizean Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak.

Nafarroan, Ebro eta Ega alerta egoeran daude, Mendabian eta Andosillan, hurrenez hurren. Ega ibaia aurre-alerta egoeran dago Lizarra parean. Nafarroako gainerako ibaiak ohiko mailetan daude.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Uholdeen Larrialdiko Plana desaktibatu dute. Dena dela, Zadorra ibaiaren emaria zaintzen jarraituko dute. Euskalmetek jakinarazi duenez, Abetxukon (Gasteiz) maila horia du ibai honek, emaria orduko 4-5 cm jaisten ari bada ere.

Asteburuan hazita joan diren Kadagoa, Brutoi, Artibai (Bizkaian), Urumea eta Oria (Gipuzkoan) maila berdean daude jada.

Iragarpenaren arabera, prezipitazioak gutxituz joango dira astelehen arratsalderako. Asteartean tregua emango digu eguraldiak, ez baita euririk espero, baina asteazkenerako bueltan izango ditugu zaparradak.

AP-15eko errei bat, itxita

Goi-tentsioko dorre bat errepidera erortzeko dagoen arriskua dela eta, AP-15eko errei batek itxita jarraitzen du Irurtzunen, Iruñeko noranzkoan, Nafarroako Gobernuak bere webgunean jakinarazi duenez.

A-15 Irurtzun Navarra Nafarroa efectos temporal lluvias euriteak. EFE

Asteburuko euriteen eta haize bolada gogorren ondorioz, dorrearen oinarriek egonkortasuna galdu dute. Aurreikuspenen arabera, datozen orduetan konponduko dute arazoa.

Zirkulazioan eragindako trabaz gain, matxura honek argindar barik utzi ditu Lekunberri, Larraun eta Arakil herriak (800 bat familia). Talde elektrogenoak paratu dituzte beharrizan oinarrizkoei aurre egiteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Iruñeko argazkiak Nafarroako albisteak EAE albisteak Denboraleak Eguraldia Donostia Eguneko albisteak