Gizartea -

Asturias

Olatu batek eramandako haurraren bilaketa eremua zabaldu dute

Atzo zebilen haize zakarraren ondorioz, helikopteroek bertan behera utzi behar izan zuten euren lana. Hobera egin du eguraldiak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hirugarren egunez, astelehen arratsaldean olatu batek itsaso zabalera eramandako 20 hilabeteko haurraren bila jarraitzen duten erreskate taldeek Asturiasen. Erkidego honetako Larrialdi Zerbitzuko suhiltzaileak, Itsas Salbamenduko eta Guardia Zibileko kideak ari dira bilatze lanetan. Gaur bilaketa eremua zabaldu dute, eta Puerto de la Vegako parrokia inguruan ere jardungo dute.

Aurreko egunetan bezala, Itsas Salbamenduko, Asturiasko Larrialdi Zerbitzuko eta Guardia Zibileko helikopteroak txandaka ibiliko dira.

Gauean, lurreko erreskate taldeak ibili dira umearen bila. 08:00etan, itsasoko taldeak batu zaizkie.

Haize bolada gogorrak izan ziren atzo Asturiasen, eta helikopteroek bertan behera utzi behar izan zuten euren lana. Gaur, baldintza meteorologikoak hobeak omen dira.

Zorigaiztoko ezbeharra Frejulfe hondartzan jazo zen. Umetxoa aitarekin eta aititarekin zegoen olatuak ikusten. Horietako batek bete-betean kolpatu zuen taldea, eta itsaso barrenera eraman zituen. Bi helduak, "kostata", baina atera ziren, baina haurtxoa besoetatik ihes egin, eta galdu egin zuten.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Denboraleak bideoak Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa