Gizartea -
Inauteriak 2016
Inauteri usaina eta mozorroak nonahi, Euskal Herriko kaleetan
Inauteri larunbaterako hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, besteak beste.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur, inauteri larunbata, herritarrek mozorroak jantziko dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan. Jarraian, inauterien harira, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean prestatu duten egitaraua.
Bilbon, inauteri "parte hartzaile eta anitza" prestatu dute Udalak eta Bilboko Konpartsek. Aurten ere elkarrekin adostu dituzte "gustu eta adin guztientzat" izango diren ekitaldiak, hala nola, kontzertuak, dantza erakustaldiak, jan-edan lehiaketak, umeentzako ekintzak eta mozorroen lehiaketa.
Gaur da aratusteen egun handienetakoa Bizkaiko hiriburuan eta kontzertuak, dantza erakustaldiak, fanfarreak, buruhandiak eta mozorro lehiaketa izango dira, besteak beste. Epaimahaia plaza biribilean paratuko da, baina epaimahaiko beste kide batzuk Kale Nagusian, Moyua plazan, Astarloa, Diputazio eta Zabalgunean kokatuko dira mozorroak ikusteko eta parte-hartzaileek sortzen duten giroa hobeto baloratzeko.
Gaurkoa beldurraren eguna izango da Iruñean; izan ere, 16:30ean, "Festa Beldurgarri" bat ospatuko dute La Unica peñan, eta 18:00etan beldurrezko mozorroak protagonista izango dituen kalejira bat egingo dute.
Bestalde, Donostian, konpartsazaleek Momo jainkosa eta haren segizioa esnatu dituzte Londres hotelean, goizeresi batzuk kantatuta. Aurten, gainera, Donostiako aspaldiko inauterietako zenbait abesti berreskuratu dituzte.
17:00etan, Inauterietako lehen desfile handia abiatuko da, hiriko erdigunean. Larunbatean bertan, Konstituzio plazan, inauteri tradizionala agertokira azalduko da: kaldereroak, Danborrada, Lanpernen Konpartsa, Lorezainen Konpartsa, ... Konstituzio plazan izango den erromeriarekin amaituko da gaua.
Gasteizen, berriz, ekitaldi ugari izango dira eguerditik hasita. Dena den, 19:00etan Legutioko Atetik abiatuko den konpartsen mozorro desfilea izango da eguneko ekimen nagusia. 23:00etan, Joselu Anaiak plaza-taldeak emanaldia eskainiko du Espainia Plazan jarritako eszenatokian. Gauerdian, berriz, sanba erritmoak eta danbor-hotsak nagusituko dira, Beriba Samba Eskolaren eskutik. Kalejira Andre Mari Zuriaren Plazan hasiko da.