Gizartea -

Indarkeria matxista

Indultua, bisita eskubidea urratu zuen tratu txarren biktima bati

Maria Salmeron ez dute kartzelan sartuko, baina gizarte-lanak egin beharko ditu, tratu txarrak eman zizkion senar ohiari alaba bisitatzen utzi ez izanagatik.

Maria Salmeron. Argazkia: EFE
Maria Salmeron. Argazkia: EFE
Maria Salmeron. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak indultu partziala eman dio tratu txarrak eman zizkion senar ohiari alaba ikusten utzi ez izanagatik zigortutako emakume bati.

Maria Salmeronek ez du kartzelara joan beharko, baina gizarte-lanak egin beharko ditu. Antzeko beste zigor bat ere badauka eta defentsak kasu horretan ere indultua eskatuko du.

Senar ohiari urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten, bikotekideari tratu txarrak ematea egotzita. Salmeronek ez zuen bete aitak alaba ikusteko duen bisita eskubidea eta, ondorioz, zazpi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten.

Hala ere, Espainiako Ministroen Kontseiluak indultu partziala ematea erabaki du gaur, haurraren oinarrizko eskubideen bermea aitaren bisita eskubidearen gainetik dagoela ulertuta.  “Amaren egoera kontuan hartu dugu; alaba babesteagatik egin du”, adierazi du Rafael Catala Justizia ministroak.

Horrenbestez, Sevillako emakumeak kartzelara joatea saihestu du, baina gizarte-lanak egin beharko ditu.

Salmeroni lau zigor ezarri zioten epaitegietan, tratu txarrak eman zizkion senar ohiaren bisita eskubidea urratzeagatik. Gaurkoarekin jada bi indultu eman dizkiote, baina urtebeteko beste espetxeratze agindu bat dauka bere aurka eta haren abokatuak iragarri du datorren astean egingo duela indulturako eskaera.

Maria Salmeronek azpimarratu du bere alabak ez duela aitarekin bizi nahi eta ez duela ikusi ere egin nahi. Kasu honek legegileek tratu txarren biktima izan diren emakumeen seme-alaben aldeko legeak egiteko balioko duenaren itxaropena agertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak umeak Indarkeria matxista Eguneko albisteak