Gizartea -

Bilboko Portua

'Modern Express' lekuz aldatuko dute denboralea hurbiltzen ari delako

Bilboko Portuko agintariek azaldu dutenez, tokirik seguruena bilatzen ari dira. Badaezpadako neurri gisa, kutsaduraren kontrako hesi batekin inguratu dute, baina, horien esanetan, ez dago erregaia galtzeko arriskurik.

'Modern Express', Bilboko Portuan. Argazkia: Efe
'Modern Express', Bilboko Portuan.
'Modern Express', Bilboko Portuan. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Modern Express ontziaren zama egonkortzeko eta orekatzeko lanek denborale bati egin beharko diote aurre datozen orduetan. Bilboko Portuko agintariek jakinarazi dutenez, ontziarentzako tokirik seguruena bilatzen ari dira, eta, horregatik, lekuz aldatzea erabaki dute.

?Behin Modern Express ontziaren egoera aztertuta, eta larunbat gauetik astearte arratsaldera arte iragarritako denboralearen aurrean, operazioan parte hartzen ari diren eragileek zamaontzia AZ-2 atrakalekura eramatea adostu dute?, azaldu du Bilboko Portuaren Agintaritzak agiri batean.

Bertan zehaztu duenez, ?nasa hori haizeak eta olatuek gutxiago astintzen dute, eta datozen egunetan egin beharreko lanak aurrera eramateko egokiagoa da. Ontzia lekuz aldatzeko maniobra 14:20an hasi da?, eta arratsaldeko lehen orduan bukatu.

Smit Salvage itsasoko erreskateetan aditua den konpainia herbeheretarraren teknikariak ari dira Bilboko portuan lan horietan.

Atzo, konpainia horretako teknikariak ontzian sartu ziren, garabi handi batzuen laguntzarekin oker-oker eginda dagoen gainaldetik, barkua zuzentzeko eta egonkortzeko lehenengo azterketak egite aldera. Barruan dozena bat makina handi eta 3.600 tona egur daude.

Panamako ontzia babesean dagoen nasa batean dago, A2 eta A3 moilen artean, El Calero auzo santurtziarraren parean.

Badaezpadako neurri gisa, kutsaduraren kontrako hesi batekin inguratu dute, baina, horien esanetan, ez dago erregaia galtzeko arriskurik.

Zama

Hala eta guztiz ere, zama ateratzeko lanak Bilboko portuko beste moila batean egingo dituzte, Espainiako Sustapen Ministerioak, ontziaren erreskatea koordinatu duenak, asteazkenean iragarri zuenez.

Baliteke zama ateratzeko lanak Poliziaren zaintzapean egitea, Bilboko Portuak horretarako eskaerarik jaso ez badu ere; izan ere, Gabongo Gobernuak ontziak daraman egurra ikertzeko eskatu dio Interpoli.

Herrialde afrikar txiki horrek prozesatu gabeko egurra esportatzea debekatzen du, eta, hain justu, horrela egurra daramala uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Bilboko Portua argazkiak Gaurko azken ordukoa