Gizartea -
Osasuna
Botiken koordainketarako laguntzak eskatzeko epea, zabalik
Gaurtik aurrera egin ahal izango dira eskariak. Aurten, Eusko Jaurlaritzak 7 milioi euro bideratuko ditu horretara.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaurtik aurrera zabalik dago Euskal Autonomia Erkidegoan botiken koordainketarako laguntzak eskatzeko epea. Hala, 18.000 eurotik beherako irabaziak dituzten pentsiodunek, epe luzeko langabeek eta egoera irregularrean dauden eta baliabide ekonomikorik ez duten pertsonek eskatu ahal izango dituzte laguntzak.
Eskaera bakarra egin ahal izango dute eskatzaileek erreferentziako epe osorako: 2016ko otsailaren 1etik abenduaren 10era arte. Eskaera ekainaren 10era bitartean (ekainaren 10a barne) egiten bada, bi ordainketatan jasoko da diru-laguntza; data horren ondoren aurkeztuz gero, berriz, ordainketa bakarrean.
Laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten interesdunek formulario bat bete beharko dute, eta hainbat lekutan egin ahalko dute: Osakidetzaren osasun-etxe edo anbulatorioetan, Osasun Sailak EAEko hiru hiriburuetan dituen lurralde-ordezkaritzetan, Zuzenean zerbitzuaren aurrez aurreko arreta-guneetan, nahiz Osakidetzaren webgunean.
Eusko Jaurlaritzak 7 milioi eurotik gora bideratuko ditu aurten gizarteko talde ahulenei tratamendu medikoa jasotzeko aukera bermatzeko laguntza horietara. Nolanahi ere, eta hala behar izanez gero, handitu egingo dute partida hori.
Duela hiru urte abiatu zituenetik, 22 milioi euro baino gehiago bideratu ditu Jaurlaritzak baliabide ekonomikorik ezak botikak hartzen jarraitzea galarazi ez diezaien pertsona horiei.