Gizartea -
Leon
5 gizon eta 4 emakume, Carrascoren hilketaren gaineko epaimahaikide
Epaiketako lehendabiziko saioetan hiru akusatuak itaunduko dituzte. Hildakoa Leongo Diputazioaren presidente izan zen. Gertaera 2014ko maiatzean jaso zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bost gizonezkok eta lau emakumezkok osatu dute epaimahaia, Isabel Carrasco Leongo Diputazioaren presidente izan zenaren hilketaren gaineko epaiketan. Carrasco 2014ko maiatzaren 12an hil zuten tiroz, ustez, mendeku pertsonala burututa.
Leongo Auzitegiak epaimahaiaren hautaketa hartu du, arratsaldeko lehen orduan, bederatzi titularrekin eta bi ordezkorekin (emakumezko bat eta gizonezko bat), denak 24-65 urtekoak, eta Leongo bizilagunak.
Behin epaimahaia osatuta, epaiketa bihar hasiko da Isabel Carrasco ustez hil zuten hiru emakumeen deklarazioarekin. Horietako bakoitzarentzat 23 urteko kartzela-zigorra eskatu du fiskalak. Edonola ere, deklarazio fase horrek asteazkenera arte iraungo du.
Hiru pertsona eseriko dira akusatuen aulkian: Montserrat Gonzalez eta Triana Martinez haren alaba eta Raquel Gago udaltzaina. Hirurei Isabel Carrasco Leongo Diputazioko eta Leongo PPko presidente ohia hiltzea leporatu diete.
Epaiketako lehendabiziko saioetan hiru akusatuak itaunduko dituzte: urtarrilaren 19an, asteartea, Montserrat Gonzalez eta urtarrilaren 20an, ostera, Triana Martinez eta Raquel Gago.
Kasu honetako epaimahaiko presidentearen autoan irakur daitekeenez, kausa honetan epaitu beharreko gertaerak 2014ko maiatzaren 12an jazo ziren. 17:15ak aldera, Isabel Carrasco Leongo kaleetatik barrena oinez zihoan, zehazki, Bernesga ibaiaren gainetik igarotzen den oinezkoentzako pasabidetik, eta haren atzetik, metro gutxira, segika, Montserrat Gonzalez. Une batean, Montserrat Gonzalez Isabel Carrascorengana gerturatu zen "atzetik eta hura hiltzeko asmoarekin, Carrasco haren presentziaz ohartu gabe eta defendatzeko aukerarik gabe. Pasabidearen amaierara iritsi aurretik, metro gutxira eta atzetik, lau tiro egin zizkion".
Autoaren arabera, tiro egin ondotik, Montserrat Gonzalezek gainean zeramatzan parka, txanoa, eskularruak, betaurrekoak kendu zituen, errebolberra poltsa batean sartu zuen eta zapiarekin batera Triana Martinez alabari eman zion, "aurrez adostua zuten bezala".
Era berean, amak emandako poltsa lonazko beste poltsa batean sartu zuen Triana Martinezek. Aipaturiko lonazko poltsa Raquel Gago lagunak eta Leongo udaltzainak utzi zion. Gerora, 17:25ak aldera, Trianak Raquel Gagorekin egin zuen topo, "zain zegoen, aurrez adostu bezala". Triana Martinezek autoa irekitzeko eskatu zion Raquel Gagori eta lonazko poltsa zuen bertan, errebolberra eta zapia barruan zituela.