Gizartea -

Ezbeharra

Mendizale nafar bat hilik eta beste bat larri, istripu banatan

Iruñeko mendizale bat hil zen Acherito gailurra igotzen ari zela. Zangozako beste mendizale bat larri dago mendi-hegal batetik erori ostean. Angeluko gizaseme bat ere hil egin zen Cauteretsen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko mendizale bat hil zen atzo Acherito gailurra igotzen ari zela 16 urteko semearekin batera. Zangozako 36 urteko beste mendizale batek zauri larriak izan zituen Bernera gailurra igotzen zegoela, biak ere Huescako Pirinioetan.

Adingabea 2.100 metroko altueran aurkitu zuten, Chinebral Gamuetako ipar magalean, Anson (Huesca). Harkaitz artean zegoen mugitu ezinik, bere aita 150 metroko altueratik erori ostean. Hala jakinarazi du Gobernuak Huescan duen Ordezkariordetzak.

Erreskatea egiten zuten bitartean, mendiko erreskateko kide bat adingabearekin geratu zen, eta beste kide bat eta sendagilea istripua izan zuen lagunarengana (L.J.E.M.) bertaratu ziren, baina hilik zegoela besterik ezin izan zuten baieztatu.

Adingabea SOS-Nafarroako helikopteroz atera zuten handik Linzako aterpetxera. Helikopteroa beste erreskate bat egiten ari zen une horretan Hiru Erregeen gunean (Nafarroa), mendian erreskateak egiteko Iruñeko GREIM taldearekin batera. Ondoren, Jacako Mendi Saileko langileek Jacara eraman zuten. Hildakoa ere bertako gorputegira eraman zuten.

Itxura denez, atzo goizean atera ziren biak Linzako aterpetxetik, eta Chinebral Gamueta igo ostean Acherito gailurrerako bidean zeuden ezbeharra gertatu zenean.

Beste mendizale bat, larri

Bestalde, Zangozako mendizalea Guardia Zibilak mendian erreskateak egiteko Huescan duen taldeak erreskatatu zuen, helikopteroz. 200 metroko altueratik amildu zen harriz eta elurrez beteta zegoen magal batetik erorita, 2.050 metroko altueran zegoela. 061eko medikuak egonkortu ostean, Aragues del Puertora eraman zuten eta handik 112ko helikopteroz Zaragozako ospitale klinikora, izaera larriko politraumatismoz.

Cauteretsen beste hildako bat

Aipatutako bi nafarrez gain, Pirinioetan beste ezbehar latz bat jazo zen atzo; izan ere, Angeluko (Lapurdi) 28 urteko gizaseme bat hil zen Cauteretsen (Frantzia), bertako eski-pistetatik kanpo eskiatzen ari zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Gizartea albisteak Albisteak Albisteak mendia Erreskateak mendian