Gizartea -

Galizia eta Malaga

Bi emakume hil dituzte larunbat honetan, Pontevedran eta Fuengirolan

Pontevedran, emakume bat hil dute kale erdian, labankadaz. Emakumearen bikotekide ohia atxilotu dute. Fuengirolan ere emakume bat aurkitu dute hilik, eta senarra atxilotu dute.

 

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume bat hil dute goizaldean Pontevedrako Pontesampaio udalerrian (Galizia), bertako Poliziak jakitera eman duenez. Kale erdian hil dute emakumea, labankadaz.

Larrialdi zerbitzuak bertaratu eta emakumea egonkortzen saiatu dira, baina bertan hil da. 31 urteko emakumea da biktima, EFE agentziaren informazioaren arabera.

"Hilketaren susmagarri nagusia" delakoan, emakumearen bikotekide ohia atxilotu du Guardia Zibilak. Atxiloketa Soutomaior udalerrian jazo da, Pontevedran, Pontesampaio udalerritik gertu.

Epaileak agindu ostean, ustezko hiltzailea Pontevedrako polizia-etxera eramango dute.

Polizia iturriek Europa Pressi azaldu diotenez, hainbat hipotesi aztertzen ari dira, tartean indarkeria matxista; baina oraindik ez dago argi hilketaren arrazoia. Iturri horien arabera, ez dago tratu txarren inguruko salaketarik.

Fuengirola

Bestalde, 36 urteko emakume finlandiar bat hilik aurkitu dute larunbat honetan Malagako Fuengirola udalerrian. Ondoren, senarra atxilotu dute, hilketarekin zerikusia duelakoan, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.

Dirudienez, emakumearen gorpuak indarkeria zantzuak zituen, eta Poliziak ikerketa abiatu du. Ez dute baztertzen indarkeria matxistaren beste kasu bat izatea, eta autopsiaren zain daude.

_____________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak