Gizartea -

Perfluorooktanoa

Ebakuntza ondoren ikusmena galdu duten pertsonak 13 dira dagoeneko

“Ustez” perfluorooktanoak egindako kaltea deitoratu du Osasun Sailak. Zortzi kasu Donostia Ospitalean atzeman dituzte, Gurutzetakoan bat, eta zentro pribatu batean beste lau.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Osakidetzak 13 kaltetu zenbatu ditu Euskadin

1:34

E. L. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ebakuntza baten ondoren ikusmena galdu duten pertsonen kopuruak gora egin du Euskadin, 13 dira dagoeneko: zortzi kasu Donostia Ospitalean antzeman dituzte, bat Gurutzetako Ospitalean eta lau zentro pribatu batean.

Kirurgian perfluorooktanoa erabili ondoren, zenbait pazientek ikusmena galdu zuten, eta, horren aurrean, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak ikerketa abiatu dute. Osakidetzako profesionalek “une oro arduraz” jokatu dutela adierazi du Osasun Sailak gaur. Jaurlaritzaren hitzetan, “arazoa ustez marka zehatz bateko produktu batek (perfluorooktanoa) sortu du”.

Ebakuntzaren ondorioz eragindako kaltea “sakon” deitoratu dute Exekutiboak eta Osakidetzak, ohar batean zabaldu dutenez.

Produktua merkatutik kendu dute

Gainera, kasuen berri izan ondoren, Osasun Ministerioari abisua eman eta merkatutik kendu zutela jakitera eman dute EAEko erakundeek. Antza denez, Estatuan ere antzeko kasuak izan dira.

Aurreneko kasuen berri ekainean izan zutela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak, Donostia Ospitaleko profesionalek zenbait pazienteren ezohiko bilakaera antzeman zutenean. Guztien ebakuntzetan marka bereko perfluorooktanoa erabili zuten, eta, ondorioz, hornitzailez aldatzeko erabakia hartu zuten.

Donostia Ospitaleak Espainiako Gobernua ohartarazi ondoren, Osasun Ministerioak produktua merkatutik kentzeko erabakia hartu zuen, kasu gehiago izatea saihesteko.

Kaltedun guztiei “ospitale publiko zein pribatuetan egin zieten ebakuntza epe berean eta osasun-material jakin bat (perfluorooktanoa) erabiliz”, Osasun Sailak zehaztu duenez.

Osakidetzako zerbitzu juridikoek erantzukizunak zehazteko prozedurak zabaldu dituzte kasu bakoitzean. Gainera, orain arte bezala, Osakidetzak paziente kaltedunen “zaintza berezia” egingo du.

Zer da perfluorooktanoa?

Perfluorooktanoa ez da botika bat, ebakuntzetan erabili ohi den produktu bat baizik. Medikuek begietako kirurgian erabili izan dute azken bi hamarkadetan.

Perfluorooktanoaren produktu-sail susmagarriak bat edo bi direla uste dute EAEko agintariek. Izan ere, merkatutik kendu eta gero, ez da antzeko arazo gehiago izan ebakuntzen ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa