Gizartea -

Bularreko minbiziaren eguna

Bularreko minbiziaren biziraupen tasa % 84,7koa da Euskadin

Hala ere, Jon Darpon Osasun sailburuak azpimarratu du ezin dela zaintza jaitsi.

Jon Darpon Osasun sailburuak parte hartu du bularreko minbiziaren kontrako lasterketan. EiTB
Jon Darpon Osasun sailburuak parte hartu du bularreko minbiziaren kontrako lasterketan. EiTB
Herri lasterketa Donostian, bularreko minbiziaren kontra

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi duenez, bularreko minbiziaren biziraupen tasa % 84,7koa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Ildo horretan, gaixotasun horren eragina eta hilkortasun-tasa geroz eta txikiagoa dela azaldu du. Dena den, ezin dela zaintza jaitsi azpimarratu du.

Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Kattalin elkarteak bularreko minbiziaren kontrako lasterketa solidarioa antolatu du gaurko Donostian eta bertan izan dira Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusia eta Jon Darpon sailburua; azken horrek lasterketan parte hartu du. Darponen esanetan, bularreko minbizia atzeman dieten emakumeei babesa eskaini nahi izan die modu horretan.

Gaixotasuna antzemateko Osasun Sailaren programetan parte hartzeko deialdia egin die Darponek emakumeei, "gaixotasunari aurre egiteko armarik onena delako".

Darponen hitzetan, bularreko minbiziaren diagnostiko goiztiarra egiteko programak bultzatzen jarraituko du Eusko Jaurlaritzak, zehazki, hilkortasuna gutxitzen eta gaixoen bizi kalitatea hobetzen saiatzeko.

Bularreko minbiziaren diagnostiko goiztiarreko programaren parte-hartze indizea % 80tik gorakoa da EAEn, Darponen arabera. 20 urteko ibilbidean 2 milioi hitzordu eta 1,6 milioi mamografia egin dira.

Aipaturiko programa 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago. Halaber, familian aurrekariak dituzten 40 eta 49 urteko emakumeei ere mamografiak egiten dizkiete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Minbizia argazkiak Albisteak