Gizartea -

15 etorkin hil ziren

Artxibatu egin dute Ceutako heriotzen auzia

Epaileak etorkinei eurei egotzi die euren heriotzen erantzukizuna, eta inputatutako 16 guardia zibilek zuzen jokatu zutela ebatzi du.

Ceutako harresia. EiTB
Ceutako harresia. EiTB
Ceutako harresia. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ceutako 6. Instrukzio Epaitegiko epaileak artxibatu egin du 2014ko otsailaren 6an hiri horretan sartzen saiatzen ari ziren 15 etorkinen heriotzen auzia. 16 guardia zibil zeuden inputatuta, baina epaileak ez du delitu zantzurik atzeman haien jokaeran.

Epaileak autoan adierazi duenez, agenteek "mugazain lanen arabera" jokatu zuten 250 etorkin aldi berean Ceutan sartzen saiatu zirenean.

Halaber, agenteek istiluen aurkako materiala erabiltzeko baimena dutela gogorarazi du. "Guardia zibilek materialaren erabilera ez egokia egin zuten zantzurik ez dago, batik bat kontuan hartuta material hori itsasoan erabiltzeko protokolorik ez dagoela", gaineratu du.

Epailearen esanetan, agenteek etorkinak geldiarazteko erabili zuten istiluen aurkako materiala.

Gainera, etorkinei eurei egotzi die euren heriotzen erantzukizuna: "onartu egin zuten Espainiara itsasoz legez kanpo sartzeko arriskua […], Marokoko Segurtasun indarrei eta Guardia Zibilari kasu egin gabe".

Tragedia

Epailearen erabakiak amaiera eman dio 20 hilabeteko polemikari, gertatutakoa tragedia handia izan baitzen, immigrazioaren historiako larrienetakoa.

Etorkinak Ceutan sartzen saiatu eta bost egunera, bost gorpu agertu ziren hondartzan. Ondorioz, epaileak ikerketa abiatu zuen.

Aurtengo martxoan, inputatutako 16 guardia zibilak akusatuen eserlekuan eseri ziren, eta eurek ez zutela etorkinen heriotzekin zerikusirik deklaratu zuten.

Hainbat GKEk, baina, esan zuten etorkinak gomazko pilotek jota hil zirela.

Tragedia nazioarteko hainbat egunkaritako portadetan agertu zen, eta Guardia Zibilaren jokaera ere zalantzan jarri zuten.

Bestalde, gertatutakoak beste hainbat eztabaida ireki zituen, hala nola Espainian sartzea lortzen duten etorkinak une horretan bertan kanporatzea zilegia ote den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa Espainia argazkiak Gizartea Albisteak