Gizartea -
Euskal Herriko Unibertsitatea
Hirugarren agintaldi bati uko egin dio Iñaki Goirizelaia errektoreak
“Bi agintaldi baino gehiago errektore gisa edo beste edozein kargutan, gehiegi iruditzen zait”, azaldu du EHUko errektoreak Radio Euskadin.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) hurrengo hauteskundeetara ez dela aurkeztuko iragarri du Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak. Honenbestez, hirugarren agintaldi bati uko egin dio EHUko buruak. Goirizelaiaren hitzetan, “erretiroa hartzeko ordua heldu da”.
Ikasturte honetan bere bigarren legealdia amaituko dela gogorarazi du Goirizelaiak Radio Euskadin. Goirizelaiaren ustez, “erronkaz beteriko ibilbilde zirraragarria pixkanaka-pixkanaka gainditzen joan da” bere lantaldea.
“Agintaldia agortzerakoan nolako unibertsitatea uztea espero genuen amets egin genuen hasi ginenean, eta amets horiei esker gaur errealitateak ikusten ari gara”, esan du.
“Bi agintaldi baino gehiago gehiegi da”
Hala ere, “hirugarren legealdi bat ez da izango”, gaineratu du Goirizelaiak, “nahiz eta eskatu”. “Bi agintaldi baino gehiago errektore gisa edo beste edozein kargutan, gehiegi iruditzen zait”, azaldu du.
“Bat gutxiegi izan liteke, baina bi baino gehiago gehiegi dira, eta sustraiak herri honetan errotuta dituen baina munduari begira bizi den unibertsitate publiko, ikertzaile eta erakargarri baten alde lanean jarraitzeko gai diren pertsona asko daude Euskal Herriko Unibertsitatean”, adierazi du. “Bide horrek jarraipena izango du”, ziurtatu du.
“Erretiroa hartzeko ordua heldu zait, baina lanak emateko urtebete geratzen zait oraindik”, gaineratu du.