Gizartea -

Gertakizuna

Gazte batek aita hil du Donostian

Ustezko hiltzailea atxilotu egin dute. Buenavista auzoan jazo da hilketa. Biktima 48 urtekoa zen eta ustezko erasotzaileak 25 urte zituen. Antza denez, gazteak berak ohartarazi du Polizia.

Hainbat ertzain, hilketa jazo den aparkalekuaren alboan. EFE
Hainbat ertzain, hilketa jazo den aparkalekuaren alboan. EFE
25 urteko gazte batek aita hil du labankadaz Donostian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazte batek ustez aita hil du gaur Donostian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Biktima 48 urtekoa zen, eta ustezko hiltzailea, 25ekoa, atxilotu egin dute.

Krimena 16:40an inguru jazo da, Berra Behea kaleko aparkaleku batean. Bertan, gazteak (adin nagusia da) labana batez eraso dio aitari, eta hil egin du. Antza denez, gazteak berak ohartarazi du Polizia.

Udaltzaingoa, Ertzaintza eta anbulantzia bat bertaratu dira, baina osasun langileek ezin izan dute ezer egin gizonezkoaren bizia salbatzeko.

Une horretan erasotzailea atxilotu dute ertzainek. Atxilotua Donostiako polizia-etxera eraman dute eta bertan jarraitzen du.

Biktima urritua zen

Biktimak bularrean eta lepoan zenbait labankada jaso ditu. Auzokoen esanetan, hildakoa urritua zen. Biktima 11 zenbakiko hirugarren solairuan bizi zen, urrituentzat moldatuta zegoen etxebizitza batean. Donostiako Udalak bultzatutako babes ofizialeko etxebizitzetan bizi zen.

20:30 aldera biktimaren gorpuzkiak eraman ditu furgoi batek, gorpua altxatzeko agindua eman ondoren.

Auzokoak

11 zenbakiko hirugarren solairuan bizi den auzokoak azaldu duenez, biktimak hilabete gutxi batzuk zeramatzan etxebizitza horretan. Semea bertan bizi ez zela uste du emakumeak.

Auzokoak biktimarekin sarri topo egiten zuen, baina ez semearekin. Etxebizitza horretan bizi ez dela ondorioztatu du emakumeak.

“Sekula ez dut susmorik izan, ez dut inoiz errietarik entzun”, azaldu du hildakoaren auzokoak. Biktimak ez zuen lanik egiten urritua zelako, zehaztu duenez.

Bestalde, etxebizitzan aita eta semea elkarrekin bizi zirela adierazi du beste auzoko batek. Gainerako bizilagunekin harreman handirik ez zutela azpimarratu du, hilabete gutxi batzuk zeramatzatelako bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak