Gizartea -
Homosexualitea, jazarrita
Lesbiana izatea, Elita gaztearen 'zorigaitza'
26 urteko emakume nigeriar honi 14 urteko kartzela zigorra ezarri zioten bere herrialdean lesbiana izateagatik. Hendaiako atxikitze zentroan dago orain, kanporatua izateko arriskuan.
EITB.EUS
Oilo ipurdia jartzeko modukoa da Elita gaztearen istorioa. Sortzez nigeriarra, Enugun izeneko herrian bizi zen, beste hiru emakumerekin. Egun batean, auzokideak euren etxera sartu ziren eta neska-laguna herriko plazan erre zuten; berak leihotik ihes egitea lortu zuen. Epaile batek 14 urteko kartzela zigorra ezarri zion, lesbiana izateagatik.
Ordudanik ihesean dabil. Aurrena AEBra joan zen, baina han sarrera ukatu zioten eta Frantziara bidali zuten. Hendaiako atxikitze zentroan dute uztailaren 24tik, kanporatua izateko arriskuan, La Cimade Frantzian etorkinen eskubideen alde aritzen den elkarteak salatu duenez.
Asiloa eskatu du, eta OFPRA Iheslari eta Apatriden Babeserako Frantziako Erakundeak aztertu eta erabaki behar du eskaera onartu edo ez. 96 ordu ditu sententzia emateko, eta eskaera onartu ezean, Nigeriara kanporatuko dute 26 urteko emakumea.