Gizartea -
Etxebizitzen salerosketa
Etxebizitzen salerosketak % 40,5 igo dira EAEn, ekainean
Estatuko igoerarik handiena da, 2014ko hilabete berarekin alderatuz gero. Nafarroan urteko tasa % 17,9koa da.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1.256 etxebizitza salerosi ziren joan zen ekainean. Gauzak horrela, % 40,5 hazi da joan zen urteko ekaineko datuekin konparatzen bada; horrenbestez, ehuneko igoera handiena izan duen autonomia-erkidegoa da, Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) gaur argitara eman dituen arabera.
Estatuan % 17 areagotu da batez bestez etxebizitzen salerosketa: ehun mila biztanle bakoitzeko 83 operazio gauzatu dira. Zenbateko hori 73koa izan da EAEn.
Salerosketak etxebizitza berrien merkatuan zein erabilitako etxebizitzen merkatuan hazi dira EAEn. Etxebizitza berrien kasuan, 324 salerosketa egin dira (% 33,88 igo da); bigarren eskuko etxebizitzei dagokienez, operazioen kopurua 932 izan da, eta horrek esan nahi du % 42,94 hazi dela.
Salerosketarik gehienak, 991 guztira, etxebizitza askeen merkatuan izan dira (% 20,85 hazi da) joan zen urtearekin alderatuta. Bere aldetik, babestutako etxebizitzen esparruan 265 salerosketa gauzatu dira, hots, kopurua hirukoiztu du.
Nafarroako datuak:
Etxebizitzen salerosketako urteko bariazioa: % 17,9
Ekainean egindako salerosketako guztiak: 408
- Etxebizitza berriak: 107 - Erabilitako etxebizitzak: 301
Zer merkatutan?
- Etxebizitza askeak: 345 - Babestutako etxebizitzak: 63