Gizartea -
Osasun publikoa
Ebakuntza egiteko batez beste 50 egun itxaron behar dira Osakidetzan
2015eko lehen seihilekoaren balantzea egin du Antonio Arraiza Osasun Laguntzako zuzendariak. Lehen Mailako Arretan sei milioi kontsulta izan dituzte, gripeak eraginda batez ere.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzan ebakuntza egiteko batez beste 50,70 egun itxaron behar dituzte herritarrek, 2015eko lehen seihilekoan jasotako datuen arabera. Gaur egun 18.680 gaixo daude ebakuntza noiz egingo, iaz baino % 4,70.
Datuak Antonio Arraiza Osasun Laguntzako zuzendariak eman ditu balantzaren nondik norakoen berri emateko prentsaurrekoan.
Arraizak agertu duenez, Lehen Mailako Arretan sei milioi kontsulta izan dituzte 2015eko urtarriletik ekainera, iaz baino % 3,51 gehiago. Arraizek azaldu duenez, gripeak eragin du gorakada hori, aurten, lehen hiruhilekoan bereziki, gogor kolpatu baitu gaixotasunak.
Itxarote-zerrendei dagokionez, batez bestekoa 50,70 egunekoa da, Osakidetzak bere buruari ezarritako mugen baitan, nolanahi ere, Arraizak zehaztu duenez. Haren hitzetan, traumatologian itxaroten da gehien (63,07 egun) eta gutxien oftalmologian (35 egun). Lehenengoari dagokionez, herritarren zahartzearekin lotura zuzena du datuak; aldaka eta belauna ebakuntzak sarriagoak dira adinak aurrera egin ahala (azken lau urteetan % 35 hazi dira mota honetako ebakuntzak).
Ospitaleratu gabe egiten diren ebakuntzak gora doazela azaldu du Osakidetzako arduradunak, %2 igo dira seihileko honetan eta Osakidetzan egiten diren ebakuntzen % 59 dira jada.
Telefono bidezko kontsultak, gora
Bestalde, gero eta gehiago dira kontsulta telefonoz egiten duten lagunak. Sei hilabete hauetan % 22,9 hazi dira eta 1,2 milioi dei jaso dituzte Osakidetzako langileek.
Arraizaren hitzetan, pediatra edo familia medikuei egindako kontsulten % 20 telefonoz egiten dira jada.