Gizartea -
HAURREN LODITASUNA
Azukredun edariek % 246 areagotzen dute loditasuna izateko arriskua
Astean zehar azukrea duten lau edari edo gehiago hartzeak % 246 handitzen du loditasuna izateko arriskua haurrengan eta nerabeengan, Nafarroako Unibertsitatearen ikerketa baten arabera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nerea Martín Calvo irakasleak (Nafarroako Unibertsitatea) egindako ikerlan batek baieztatzen duenez, astero azukrea duten lau edari karbonatatu edo gehiago edanez gero, % 246 igotzen da haurrak eta nerabeak lodi izateko duten arriskua.
Aipatutako ikerlanak Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren saria jaso du, eta bertan esaten denez "egunean horrelako edarien anoa estra bakoitzak 1,69 aldiz biderkatzen du lodi egoteko arriskua". Horrek adierazten du % 69koa dela arrisku horren hazkunde erlatiboa eguneko anoa estra bakoitzeko.
Edarien industriaren arabera, freskagarrien kontsumoak loditasun-epidemiarekin batera egin du gora, eta dauden freskagarri desberdinetatik karbonatatuak diren gehien erosten direnak. Light edarien (hots, azukrerik gaineratuta ez dutenen) ekoizpena ere areagotu egin da; alabaina, ekoizpen guztiaren % 25 besterik ez da hori.
Nerea Martín Calvok ekimen pilotu bat jarri zuen martxan urtarrilean. Haren helburua da Nafarroako haurren eta nerabeen ohitura dietetikoak eta bizitzeko erak ezagutzea, haurtzaroan eta nerabezaroan azaltzen diren hainbat patologiarekin izan ditzaketen balizko loturak ezagutzeko asmoz.