Gizartea -
Gastronomia Gradua
Graduatu da Basque Culinary Centerren lehenengo promozioa
Guztira 35 gizonezkok eta 19 emakumek lortu dute ikasketak amaitzea, Espainiako Estatuan Gastronomia eta Sukalde Arteen graduatua eskaintzen duen zentro bakarrean.
agentziak | erredakzioa
Mundu mailan ospe handia duten 11 sukaldari, Ferran Adria buru, bildu dira Donostiako Basque Culinary Centerren (BCC), lehenengo promozioaren graduazio ekitaldian.
Enrique Olvera (Mexiko), Gaston Acurio (Peru), Yukio Hattori (Japonia) eta Joan Roca (Katalunia) BCCren aholkulari batzordeko kideak, Carlo Petrini, Christian Puglisi eta Dominique Crenn gonbidatuekin batera bilduta egon dira egunotan Gipuzkoako hiriburuan proiektu berriak sustatzeko eta 54 ikasleen graduazio festan parte hartzeko.
Guztira 35 gizonezkok eta 19 emakumek lortu dute graduazioa, Espainiako Estatuan Gastronomia eta Sukalde Arteen graduatua eskaintzen duen zentro bakarrean.
Diziplina ugariren inguruko ikasketak izan dira zentroaren oinarria 2011n ateak ireki zituenetik; izan ere, sukaldaritza modernoari buruzko ikasketez gain, elikadura industriaren, berrikuntzaren, negozioaren, ekintzailetzaren, aretoko lanaren eta zientziaren inguruko ikasketak egin dituzte.
Joxe Mari Aizeaga zentroko zuzendariak azaldu duenez, BCC "jauzi handia" da sukaldaritza ikasketen munduan, eta apustu "berritzailea" da, sukaldariak ez direlako sukaldari bakarrik izango, baizik eta nazioarteko gastronomiaren erronka berriei aurre egingo dieten profesionalak.
Hala, ikasleen % 36k sukaldaritza berritzailea hautatu du, % 46k ekintzailetza, eta % 16k elikadura industria.
Lanbideak "horrelako zentroa" merezi zuela azpimarratu ostean, Adriak esan du egungo sukaldariak ezin duela soilik sukaldeko teknikara mugatu, zientzia eta negozio alorrean ere hezi behar delako.
Juan Mari Arzakek, berriz, BCC garai batean "utopia" zela aitortu du. Horregatik, gustura agertu da "denon" lanari esker lortutakoa ikusita. Martin Berasategui harro agertu da ikasleek egindako lanarekin, eta beteranoek oinordetzan utzitakoa hobetu egingo dutela esan du.