Gizartea -
Gertaera Leitzan
Kamioilariaren eta ertzainaren sendiei babesa eskaini die Jaurlaritzak
Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusia egungo polizia-ereduaren inguruan “hausnarketa sakona” egitearen alde agertu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo Leitzan tiro batez hil zen kamioilariaren sendiari babes osoa eman dio, bai eta heriotza horrengatik atxilotutako ertzainaren familiari ere.
Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak Bilbon segurtasunaren inguruko ekitaldi batean egin dituen adierazpenetan eskaini die bi familiei babesa. Atxilotutako ertzaina kamioilariaren heriotzaren usteko egilea izan arren, haren familiak mina duela gogoratu du Zubiagak, eta Segurtasun sailak “beharrezkoa denean” babestuko duela esan du.
Hildako kamioilariaren sendiari ere elkartasuna adierazi dio Zubiagak. Era berean, Nafarroako Foruzaingoaren esku jarri da beharrezkoa denean laguntzeko.
Polizia-ereduaren inguruko hausnarketa
Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusia egungo polizia-ereduaren inguruan “hausnarketa sakona” egitearen alde agertu da. “Gauzak behar bezala egiten ari ez garela dirudi, ez betzaintzat gertaerekin”, esan du.
Kamioilariren “hilketaren” aurrean “erabateko gaitzespena eta haserrea” erakutsi du Calparsorok. Herritarren segurtasuna bermatu behar duen polizia agente batek egindako gertaera “deitoragarria” dela ere gaineratu du.
Leitzan izandako gertaerak “egun dugun polizia ereduaren inguruan, nahi dugun poliziaren inguruan, egin dugun poliziaren inguruan eta euren lana egiteko pertsona horiei ematen zaien bitartekoen inguruan hausnarketa sakona eskatzen dute”, amaitu du.
Protesta bilkurak
Leitzako Torraspapel enpresako Langile Batzordeak atzo izandako heriotza argitzeko eskatu du gaur.
Langileen ordezkariek prentsa oharra kaleratu dute eta protesta bilkurak iragarri dituzte datorren astearterako. Horrelako egoerarik berriz ere ez gertatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ere eskatu dute.
Oharrean jasotzen denez, “onartezina da armatuta dagoen pertsona bat kontrolik gabe kalean ibiltzea”.