Gizartea -
HEGAZKIN ISTRIPUA SEVILLAN
Istripua argitzeko ikerketan 'gardentasuna' eskatu dute langileek
Airbus konpainiako langileen batzordeak elkarretaratzeak deitu ditu gaur eguerdirako enpresako zentro guztietan, larunbatean Sevillan izan zen ezbeharra salatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Airbus konpainiako enpresa arteko (Airbus, Airbus Helicopter, Airbus Defense & Space eta EADS CASA Espacio) langileen batzordeak "komunikazio eta gardentasun handiagoa" eskatu diote konpainiari, Sevillan larunbatean izan zen hegazkin istripua argitzeko orduan. Lau pertsona hil ziren eta bi larri zauritu.
Airbuseko langile guztiei zuzendutako ohar batean, batzordeak nabarmendu du "erabateko gardentasuna" ezinbestekoa dela aurrera begira lanean jarraitu ahal izateko, eta istripuan kaltetutako langileei eta horien senitartekoei ahalik eta babesik handiena adierazteko.
"Zerk huts egin duen jakin beharra daukagu langileok, ezbeharra nola ekidin zitekeen jakiteko", esan dute.
Sevillako ezbeharra salatzeko, elkarretaratzeak deitu ditu langileen batzordeak gaur eguerdirako, 12:00etarako, Airbusen zentro guztietan. "Zentroen arteko langileen batzordeak bere dolumina adierazi nahi die ezbehar latz honetan hildakoen senitartekoei eta zauritutako langileei", gaineratu dute oharrean.
Airbus Groupek behera egin du Burtsan
Airbus Group konpainiaren akzioek ia % 6 behera eginez hasi dute eguna gaur Espainiako Burtsan, larunbateko istripuaren ondoren.
Ostiralean, 63,30 euroan itxi zuten eguna Airbusen akzioek, eta gaur goizean 59,6 euroko balio zuen titulu bakoitzak. Parisko Burtsan, berriz, Airbusen akzio gehien kontratatzen diren tokian, % 4,5 egin dute behera.