Gizartea -

Istripua Sevillan

Larri jarraitzen dute hegazkin istripuan zauritu ziren bi langileek

Ezbeharraren ondotik, Alemaniak eta Erresuma Batuak bertan behera utzi dituzte Airbus 400M hegazkinaren hegaldiak. Frantziak, ostera, operazioekin segitzea erabaki du.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Larri jarraitzen dute bizirik irten diren bi langileek

1:12

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzoko Sevillako hegazkin istripuan larri zauritu ziren bi langileek larri jarraitzen dute, ebakuntza-gelatik igaro ondoren. Ezbeharrean lau lagun hil ziren, guztiak ere Airbus enpresako langileak.

Osasun iturriek berri eman dutenez, bietatik larrien dagoena ingeniaria da eta buruko traumatismoa, aurpegian erredurak eta hankak hautsita ditu.

Bigarren zaurituak, berriz, traumatismoak ditu bularraldean eta gerrialdean eta gorputzeko beste hainbat tokitan.

Istripuari buruzko ikerketa zehatza egiteko eskatu du Espainiako Gobernuak

Hegazkin istripuari buruzko ikerketa zehatza egiteko eta Airbusen sinesgarritasuna zalantza ez jartzeko eskatu du Espainiako Gobernuak.

Pedro Morenes Espainiako Defentsa ministroa Frantziako eta Alemaniako haren kideekin elkartu da gaur eta adierazi du "ikerketak guztiz zehatza izan behar duela eta ezin diela denborak edo premiak eragin".

"Ezbeharraren zergatiak ezagutzeko ikerketa amaitu arte itxaroteko eskatzen dugu eta, bien bitartean, egon gaitezen lasai eta ez diezaiogun eraso egin hainbatetan bere gaitasuna erakutsi duen konpainia bati", azaldu du.

Espainiako Gobernuak onartu du arduratuta dagoela istripuak Espainiako eta Europako aeronautikako industrian izan dezakeen eraginagatik eta gaineratu du Europako hainbat herrialdetako armadek erabiltzen dutela.

Alemaniak eta Erresuma Batuak bertan behera utzi dituzte Airbus 400M modeloaren hegaldiak

Alemaniako eta Erresuma Batuko Gobernuek bertan behera utzi dituzte Airbus 400M hegazkin modeloaren hegaldiak, horietako hegazkin batek gaur Sevillan istripua izan ondoren.

"Aire Armadaren Estatu Nagusiko buruak eten egin ditu operazioak kontrakorik esaten ez duen bitartean", azaldu du Alemaniako Defentsa Ministerioko bozeramaileak. Ildo beretik mintzatu da Defentsa Ministerio britainiarra ere eta iragarri du "gelditu" egin dituela hegazkin mota horrekin egindako operazioak "badaezpadako neurri gisa".

Bestalde, Frantziako Gobernuak jakinarazi du Airbus 400M hegazkinekin lanean jarraituko duela: "Orain arte gure eskuetara iritsi den informazioa kontuan hartuta, ez daukagu hegazkinak lurrean uzteko arrazoirik", azaldu du Ministerioko iturri batek Reuters albiste agentziari.

Instrukzio epailea hegazkineko kutxa beltzak ikertzen ari da

Ikertzaileek igande honetan aurkitu dituzte istripua izan zuen Airbus A400 hegazkineko kutxa beltzak, eta Sevillako 13. instrukzio epaitegiko epailearen esku utzi dituzte.

Bestalde, Airbus Sevilla lantegiko CCOO sindikatuko ordezkariak pilotuaren "odol hotza" azpimarratu du; izan ere, haren esanetan, hegazkina Coca Colaren lantegi baten inguruan edota industriagune batean erortzea eragotzi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea