Gizartea -

Ikerketa

Obarioetako minbizia kasuen % 86 atzematen du odol analisi soil batek

University College Londonek egindako ikerketari esker, gaixotasuna aurrez atzeman eta tratamendu egokia eman ahalko zaio.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur egun dauden diagnosi neurriak baino arinago obarioetako minbizia kasuen % 86 atzemateko gai da odol analisi soil bat,  Journal of Clinical Oncology Erresuma Batuko aldizkariak kaleratutako ikerketa baten arabera.

Aldez aurretik atzematen ez bada, obarioetako minbizia hilgarria da. Horrenbestez, University College London unibertsitateko ikerlariek frogatutakoak diagnosi azkarra egiten eta gaixotasunari aurrea hartzen lagunduko luke.

Ikerketa egiteko 46.000 emakumeren osasun bilakaera aztertu zuten. Odolean dagoen proteina bat (CA125) neurtu zuten, obarioetako minbizia duten andreengan hazi egiten baita proteina kopurua. Maila batetik gora atzeman zietenei, beste proba batzuk egiten zizkioten (ekografia bat, kasu) diagnosia berresteko.

Usha Menon University College Londoneko irakasleak BBC telebista kateari adierazi dioenez, ikerketa aurrerapausoa da, baina zehaztu du oraindik goiz dela "biziak salbatzeko nahikoa denborarekin atzemateko gai ote" den esateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Minbizia argazkiak